Salgai zeuden 500 kriseiluak salduta hasi da, gaur, kriseiluen gaua Azpeitian. Mila lagun inguruk parte-hartu dute egitasmoan, eta ZelaI Luze bete dute koloretako kriseiluak aireratzeko. Ekintza horrekin bukatu da, gainera, Hitzartu elkarteak urtarrilaren 14an abian jarri zuen herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa. Zehazki, 2.296 sinadura biltzea lortu dute ordutik.
Musika ez da falta izan Hitzartu herri galdeketaren aldeko taldeak antolatutako ekitaldi honetan. Behin kriseiluak nola piztu azaldu ostean, trikitilariek gidatu dute Zelai Luzerako bidea, eta handik hasi dira herritarrak kriseiluak aireratzen. Egitasmoa amaitu ostean plazan jarraitu du festak.
Ekainaren 12an independentziaz herri galdeketa egingo dute Azpeitian, Euskal Herriko beste hainbat herriekin batera. Ibilbide horretan beste pauso bat gehiago izan da gaurkoa, sustatzaileek azaldu dutenez “berebiziko garrantzia” duena.
[flickr_set id="72157665853295205"]