Lapurreta egin diete Azpeitian adineko bi emakumeri

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 11

Asteazken gauean gertatu ziren bi lapurretak, eta Ertzaintza ari da bi kasuak aztertzen. Pertsona berak egin zituela uste dute.

Adineko bi emakumeri lapurreta egin zieten asteazkenen gauean, Azpeitian. Ertzaintzak jakinarazi duenez, bi emakumeetako bati poltsa lapurtu zioten, eta txanpon batzuk besteari. 22:00ak inguruan izan ziren bi lapurretak, ordu laurdeneko tartearekin. Lehen andreari eraso egin zion ezezagun batek, karrerara sartzeratzekoan. Besotik heldu eta dirua eskatu zion, Ertzaintzaren arabera. Emakumeak txanponak eman zizkion lapurrari, eta hark lurrera bota zuen. Bigarren biktimak nabaritu egin zuen norbait atzetik segika zuela, etxera zihoala. Karrerako atea ixterakoan, bultza egin zion segika zuen pertsonak, eta poltsa kendu zion, hala azaldu du Ertzaintzak. Anbulategian artatu zuten andrea. Urola Kostako Ertzaintza bi kasuak ikertzen ari da. Uste dute pertsona bera dela bi lapurretak egin dituena, jaso dituzten deskribapenengatik eta lapurretak egiteko moduagatik. Gertatutakoen ondorioz, zenbait aholku eman dituzte ertzainek. Karrerako atea ez irekitzea ezezagunei; karrerara sartzerakoan tentuz ibiltzea, eta giltza prestatuta ematea; ezezagunekin igogailura ez sartzea eta lapurretaren bat izanez gero, lapurraren ezaugarri fisikoekin oroitzen saiatzea. Horrez gain, lapurretaren bat  izateko arriskua ikusiz gero ere, 112ra deitzeko eskatu dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide