Euriteak hainbat arazo sortu du Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 10a

Ura sartu da Sanjuandegiko Iturri soziedadera. Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa martxan jarri du gaur, osteguna, azken orduetako euriteek hainbat arazo sortu baitute herrian. Besteak beste, Madalena auzoan ibaiak gainezka egin du gaur goizean, Sanjuandegiko Iturri soziedadera ura sartu da, Gazte baserriaren ondoan zuhaitza erori da, Loiolako 25. zenbakiko garajeetara ura sartu da eta Loiolako Inazio Hiribideko biribilgunearen ondoan ur putzua sortu da. Udalak jakinarazi duenez, arazo horiei konponbidea emateko lanean ari da eta dagoeneko eman diete aterabidea sortutako arazoetako batzuei. Horrez gain, herritar batek Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorrian, Uztaro haur eskolaren parean, sortu diren putzuak direla eta Uztarria.eus-era bidalitako kexa tarteko, udalak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi diola arazoa eta lehenbailehen konpontzeko eskatu diola. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak alerta laranja ezarri du ibaien ur maila dela-eta, eta Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa aktibatu du jada. Hori dela eta, sor daitezkeen arazoak ekiditeko hainbat neurri hartzea gomendatu du udalak: 1. Erreka eta ibai bazterretan ez utzi ibilgailuak, urak gainezka egin dezake eta. 3. Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta ura sar daitekeen garajeetatik. 5. Ahal baduzu, ez hartu autoa. Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusietatik eta autobideetatik. 6. Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak. Batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak. 7. Begiratu inguruko estolderia ondo dagoen eta, bestela, abisatu Udaltzaingoari (943 15 13 13) edo deitu 112 larrialdi telefonora.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide