Errenkadan iritsi dira lehen garaipenak

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 9a

Uria, Bereziartua, Lizarazu, Markovic eta Etxeberria (E. Albizu Lizaso) Matematikoki Espainiako Emakumeen Lehen ligatik at gelditu, eta segituan iritsi dira garaipenak Rioja Añares ISB taldearentzat. Iraurgi saskibaloi taldeko neskek bi partida irabazi dituzte astebetean, Uni Ferrolen eta Embutidos Pajariel Bembibreren kontra. Denboraldi hasieran helburu bat jarri zuen Joseba Lizarralde Rubio entrenatzaileak: partida bat baino gehiago irabaztea. Beraz, lasai lo egin dezakete jada jokalariek, nahiz eta lehen partida irabazi ostean, bat edo bestek bi egun igaro dituen lorik egin gabe. Lau partidaren ostean bukatuko da Lehen Mailan jokatzeko ametsa, baina "gustura" daude jokalariak, berez dagokien ligan lehiatuko direlako datorren denboraldian, Bigarren Mailan. Dena den, "esperientzia ahaztezina" izan dela azaldu dute taldeko Intza Lizarazu azkoitiarrak, Eider Bereziartua, Irati Etxeberria eta Naroa Uria azpeitiarrek eta Marina Markovic serbiarrak. Lehen garaipena liga irabaztea bezain hunkigarria izan zela esan dute. "Guretzat telebistan soilik ikusten genituen pertsonak ziren Lehen Mailako jokalariak, eta lortu dugu haiei irabaztea", esan du Bereziartuak. Espainiako Bigarren Mailan jokatzea zegokioen berez, aurten, Iraurgi saskibaloi taldeko neskei. Maila horretatik kanpo gelditu ziren, ez zituztelako izapide guztiak entregatu epearen barruan. Bi aukera gelditu zitzaizkien: beheko mailatik hasi edo Lehen Mailan jokatu, beste talde batek uko egin baitzion bere postuari. Sufrimendu askoko denboraldia izan da aurtengoa Iraurgiko emakumeentzat, baina ez dira damu. "Bagenekien gogorra izango zela, eta prest geuden egurra jasotzeko ere. Hala ere, partida askotan eman diegu lana aurkariei", esan du Etxeberriak. Espero zutena baino hobeto moldatu direla azaldu du Bereziartuak: "Uste genuen emaitzetan alde handiak izango zirela, eta ez da hala izan". Lehen partidatik ikusi zuten Rioja Añares ekoek bazutela Lehen Mailan "gerra emateko aukera"; zazpi punturengatik galdu zuten etxean, eta ordutik aurrera ere, "partida asko lehiatu" dituzte etxean. (E. Albizu Lizaso)

Harmailen beroa

Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak ondoan izan ditu beti jarraitzaileak, eta "uste baino jarraipen handiagoa" egin diete. "Astero-astero kiroldegia betetzen dela ikusteak ez dauka deskribapenik", nabarmendu du Bereziartuak. Hemendik aurrera, jarraitzaileek bi partida gehiago dituzte emakumeen goi mailako saskibaloiaz gozatzeko. Markovicek ere Azpeitikoak "ikusle bereziak" direla esan du: "Beraiek lagundu digute partidak irabazten, motibatzen eta ondo jokatzen". Uriaren arabera, zaleekin asko pentsatzen dute galtzen dutenetan: "40rengatik galdu dugunean, gure artean esan izan dugu ea berriro etortzeko gogorik izango duten zaleek. Eta bai, hurrengoan ere ez dute hutsik egiten". Kiroldegian ez ezik, kalean ere sumatzen dute haien beroa, Bereziartuaren hitzetan: "Behin baino gehiagotan gelditu naute kalean, hurrengoan irabazi egingo dugula esateko".

Konfiantza irabazi dute

Garaipenetatik haratago, beraien buruarekiko konfiantza irabazi dutela azaldu dute jokalariek: kantxa barruan zein kanpoan. Lizarazuk uste du "batuago" daudela talde bezala: "Galtzen dugunean ere elkarri laguntzen diogu, eta astelehenean berriro joaten gara irribartsu entrenatzera". Beti emaitzei begira egon beharrean, nola jokatzen duten aztertzen ikasi dutela azaldu dute Iraurgiko neskek. Markovicek jokatu izan du beste talde batzuetan Iraurgira iritsi aurretik. Hark azaldu du "konfiantza eta lasaitasuna" irabazi dutela taldekideek denboraldian zehar. "Familia bat bezala da Rioja Añares. Beste talde batzuetan izan naiz, baina haietan jokalari bakoitzak bere bizitza egiten zuen. Gu lagunak, gazteak eta gertukoak gara", adierazi du jokalariak. Taldeak Lehen Mailan jokatuko balu, inork ez lukeela Azpeititik mugituko esan du Serbiako jokalariak. Lehen Mailan "dena" eman behar dela ikusi dute azken hilabeteetan. Dena den, "ezinezkoa den ezer" ez dagoela nabarmendu du Bereziartuak: "Lanean jarraitzen badugu, hobeto jokatuko dugu beti". "Borrokalariak eta diziplina handikoak" dira Rioja Añares taldeko jokalariak, horrela definitu dute beraien taldea. "Inoiz ez ditugu jaisten besoak txistua jo arte", esan du Lizarazuk. Falta diren partidetan "borroka egitea" izango da beraien helburua: "Orain bai, badakigu irabazteko gai garela". (E. Albizu Lizaso)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide