(E. Albizu Lizaso)
Hamabost udalerritako alkate eta ordezkari politikoak bildu dira Azpeitian, Ignaziotar Bidea sustatu eta turismoa bultzatzeko. Arabako eta Gipuzkoako sei eskualdetatik igarotzen da Azpeitian hasi eta Manresan (Bartzelona, Herrialde Katalanak) bukatzen den Ignaziotar Bidea. Hori dela-eta, eskualde bakoitzetik alkate bat hartuta, batzorde bat osatu dute, elkarlanean bide hori indartzeko. Honako udalerrietako ordezkariek osatzen dute batzordea: Azpeitia, Kanpezu (Araba), Guardia (Araba), Legazpi (Gipuzkoa), Zalduondo (Araba) eta Zumarraga (Gipuzkoa). Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu ditu lider lanak, Ignaziotar Bidea Azpeitian hasten delako.
Batzordeko udalerriez gain, hauek parte hartu dute bileran: Asparrena, Bilar, Donemiliaga, Kanpezu, Kripan eta Lapuebla de Labarca, Arabatik; Azkoitia, Urretxu eta Legazpi, Gipuzkoatik. Nafarroako eta Errioxako erakundeekin ere hizketan ari da Basquetour.
Atzo bildu ziren politikariak Azpeitian, eta Valenti Junyent Manresako alkatea izan zen han, beraien esperientzia kontatzeko. Izan ere, haiek duela bi urte sortu zuten udalerrien sare bat Ignaziotar Bidea eta hark inguruetan utz dezakeen aberastasuna sustatzeko. Azpeitiko Udalak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatu dute bilera, udalek ere "paper garrantzitsua" dutelako turismoaren gaian. Eneko Etxeberriak adierazi du "beharrezkoa" dela erabaki batzuk udalerri guztien artean hartzea, finantziazioa eta estrategia bezalako gaiak "eraginkorragoak" izan daitezen. "Turismo bide honekin herritarrentzat aberastasuna sor dezakegu, eta horrek batzen gaitu", azaldu du Azpeitiko alkateak.
Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariak azaldu du beraiek aspalditik ari direla lanean Ignaziotar Bidearen inguruan. Hala ere, "oso garrantzitsua" iruditzen zaio, bideak igarotzen dituen udalerri denak proiektuarekin "inplikatzea". "Udalerri guztiek jartzen badute zatia, errazago jakingo dugu nola atera etekinak, zer behar ditugun eta abar", azaldu du Madariagak. Gipuzkoan eta Araban dagoen ondarea "alderaezina" dela esan dute biek, eta hura "balorean jartzea" dela gakoa.
Gizarteratze lanak
Madariagaren arabera, oraindik ez dute lortu Ignazio Loiolakoaren "esentzia" guztiz gizarteratzea: "Horretan aurre hartu digute Kataluniakoek, eta oso ondo egin dute sozializazio lan hori". Basquetourreko zuzendariak uste du horretan lan egin daitekeela, Azpeitikoa zelako Loiolako Ignazio: "Hori aprobetxatu behar dugu, eta euskaldun historiko bezala, geure egin".
Etxeberriak gehitu du erromes ugari etortzen direla Loiolaren eta Ignaziotar Bidearen aitzakian inguruotara, eta hori landu behar dutela. "Erromesak dira, baina guk turista bezala ikusten ditugu; gure udalerrientzat eta herritarrentzat aberastasuna sortzen dute, eta hori indartu nahi dugu, denen onerako".
Alderdi politiko guztietako ordezkariak bildu ziren atzo Azpeitiko udaletxean, "helburu beraren alde" lan egiteko. EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta PPko alkateak daude Ignaziotar Bidea sustatzeko batzordean.
Valenti Junyent Manresako alkatea: "Udalerri guztiak inplikatzen badira bakarrik du zentzua proiektuak"
Manresan bukatzen da Ignaziotar bidea. 75.000 pertsona inguru biltzen dituen Bartzelonako udalerria da, eta Valenti Junyent bertako alkatea Azpeitian izan da, hango antolaketaz hitz egin eta aholkuak emateko.
Zer iruditu zaizu Ignaziotar Bidea sustatzeko lehen bilera?
Oso interesgarria izan da, eta balorean jarri behar da udalerri askotatik etorri direla politikariak. Beraz, guztiek ulertu dute hau proiektu interesgarria dela, etorkizun handikoa. Horrek esan nahi du, pixkanaka, Ignaziotar Bidearen mezua ari dela iristen guztiengana.
Zuek baduzue hemen sortu nahi duten bezalako sare bat Katalunian.
Duela bi urte hasi ginen 18 udalerri lanean, Manresaren bultzadarekin. Izan ere, gure udalerrian bukatzen da bidea, eta guk hartu dugu lidergo lan hori. Eredu bera jarraitu du Azpeitiak, baduelako ardura hori. Oso garrantzitsua da bat egitea. Europari diru laguntzak eskatzeko ere askoz bide hobea da. Udalerri guztiak inplikatzen badira bakarrik du zentzua proiektuak. Beharrezkoa da guztiek norabide berean lana egitea; handi eta txiki.
Eragina izan du lan horrek turismo datuetan?
Zifrek azaltzen dute guztia. Duela bi urte 30.000 turistak bisitatu zuten Manresako koba; pasa den urtean, 42.000 pertsonak.
Gizarteratze lanetan, aurretik zoazte.
Proiektua herritartzea garrantzitsua da. Herritarrek Ignaziotar Bidean sinistu behar dute hark funtziona dezan. Bisitariek ere, bidea egitean, herritarrekin egingo dituzte harremanak, eta haiek transmititu behar diete esentzia hori.
Azpiegitura aldetik ere prestatuago zaudete?
Gune batzuetan bat egiten dute Ignaziotar Bideak eta Donejakuek, eta egia da toki horietan erromesentzat eta turistentzat ostatu gehiago daudela. Baina ez dugu uste bereziki gaudenik askoz hobeto prestatuta.
Zerbait berria ikusi duzu Azpeitiko bileran han azaltzeko?
Zalduondoko alkateak esan duena neure egiten dut: "Lortu behar dugu herritarrek Ignaziotar Bidea beraiena dela sentitzea". Herritarrek jakin behar dute zer den, zertarako; ondoren, kontzientzia har dezaten.
Azpeitiak du horretan lan errazena, ezta?
Bai, bide hori Azpeitian hasten delako. Horregatik du ardura berezia, guk Manresan dugun bezalaxe. Ikusi dugu oso ondo ari dela horretan Azpeitiko Udala; bestela, ez lirateke horrenbeste udalerrietako ordezkariak etorriko Azpeitira. Nabarmena da udalak argi duela proiektu hau estrategikoa dela, eta abiapuntua ona da.