Azpeitiko herri galdeketaren aldeko sinadura emateko azken egunak dira

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 3a

Bestalde, larunbatean, 12:00etan, galdeketari babesa emateko argazki erraldoia aterako dute Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan.

Martxoaren 12a bitartean izango dute azpeitiarrek herri galdeketaren aldeko sinadura emateko aukera, eta sinaduren azken fasea amaituta, independentzeriaren inguruko herri galdeketa prestatzen hasiko dira Hitzartuko kideak. 1.500 sinaduren langa gainditu zuten duela aste batzuk, baina galdeketaren sustatzaileek esan dutenez, "sinadura guzti-guztiak dira beharrezko, urtarrilean dozenaka herritarrek hasitako bideari jarraipena ehundaka herritarrek eman diezaioten". Martxoaren 12an, zapatua, kriseiluen gaua egingo dute, eta orduan bukatuko dute sinadura bilketa. Martxoaren 12an, 19:30ean sinadura guztiak zenbatuko dituzte plazan, eta ondoren, 20:00etan, aireratuko dituzte koloretako kriseiluak Zelai Luzen. Gure Esku Dago eta Hitzartuko kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte kriseiluen gauean parte hartzera. Kriseiluak salgai daude dagoeneko Gure Esku Dagoren lokalean; astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, eta astearte eta larunbatetan, 10:30etik 12:30era. 2,5 euroren trukean erosi ahal izango dira. Gure Esku Dago taldeko eta Hitzartuko kideek azaldu dutenez, "berebiziko garrantzia du martxoaren 12ak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ibilbide honetan jarraitzeko pauso garrantzitsua izango delako". Haiek esan dutenez, "denek parte hartzea" nahi dute: "Haur, heldu, adineko... borondateak ez duelako adin, sexu eta ideologiarik". Bestalde, larunbatean, 12:00etan, galdeketari babesa emateko argazki erraldoia aterako dute Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan. Han ere izango da sinadura emateko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide