Iraurgi Ikastetxeak Artzubian duen eskola, lehen Milasgrosa zena, hustu egingo dute 2017-2018 ikasturterako. Hori dela-eta, Betharram eskola egokituko dute haur gehiago hartzeko, hurrengo ikasturtean zehar. Beraz, obrak egingo dituzte 2016 eta 2017ko ikasturte naturalean; eta, horretarako, 3,1 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Azpeitiko Udalarena da Betharram eraikina. Horregatik, obren %25a ordainduko du, gehienez, erakundeak. "Horrela erabaki dugu eraikina udalarena delako, eta obra horren onurak hor geldituko direlako", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.
Bestalde, urtean 20.000 euroko alokairua ordainduko dio Iraurgi ikastetxeak udalari, eraikinaren erabilerarengatik. Bi erabakiak bozkatu eta onartu zituzten asteartean, Azpeitiko Udalaren ohiko udalbatzan, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin.
Aitor Gorrotxategi EAJren udal taldeko bozeramailearen arabera, "akordio ona" da Iraurgi ikastetxearekin lortutakoa. "Erabaki horiek horrela hartu behar dira, beste partearekin hitz eginda, ahalik eta adostasun handienarekin", azaldu du hark.
"Amets bat" eskolarentzat
Maje Agirre Iraurgi ikastetxeko zuzendariak adierazi du "amets bat" dela beraientzat obra egiteko aukera izatea, eta "oso gustura" daudela hartutako erabakiarekin. "Oso egoera kaskarrean dago Betharram eraikina, eta urte asko pasatu ditugu hura moldatzeko baimenak eta laguntza eskatzen", azaldu du. Agirreren arabera, 2002-2003 ikasturtean egin zituzten lehen planoak, eta ordutik ari dira kontu horrekin lanean. Gainera, uste dute aldaketa "onuragarria" izango dela ikasle eta irakasleentzat ere 0 eta 13 urte bitarteko haur guztiak eraikin berean egotzea, "aberasgarria" delako arlo pedagogikoari begira.
Egiturari helduko dio Betharram eraikinak, baina, gainontzean, "guztiz" berrituko dute. Zuzendariak nabarmendu du horretarako "beharra" zuela eskolak; esate baterako, 50 urte baino gehiago dituzten komunak zituztelako han.
2016-2017 ikasturtean, hutsa egongo da, beraz, Betharram eskola, obrak egiteko hartuko dutelako tarte hori. Oraindik ez dute guztiz lotuta bitarte horretan ikasleak non egongo diran, baina "guztientzat onena" den erabakia hartuko du ikastetxeak, Agirrek azaldu duenez.
San Martin egoitzarena da Iraurgi ikastetxeak zahar-etxearen ondoan, Artzubian, duen eraikina, eta haien erabilerarako geldituko da.