Azpeitiko gidariek emaitza bikainak lortu zituzten asteburuan, Espainiako Lurreko Rallyen Txapelketako lehen proban. Lorcan jokatu zen aurreneko lasterketa Lorcan (Murtzia, Espainia), eta AR Vidal taldeko Jorge del Cid Azpeitian bizi den gidari gasteiztarra nagusitu zen Mitsubishi EVO X autoarekin. Alde nabarmena atera zien del Cidek gainerako parte-hartzaileei; izan ere, 40 segundoko aldearekin helmugaratu zen Azpeitiko bizilaguna. Del Cidek Rodrigo Sanjuan madrildarra izan zuen kopiloto lanetan, Nerea Odriozolak ezin izan zuelako Lorcara joan. Lasterketa irabazteaz gain, Mitsubishi EVO Cup ere irabazi zuten del Cidek eta Sanjuandek.
Bestalde, Joxemiel Zendoia azpeitiarrak ere hartu zuen parte proban, Iraetako Aritz Iriondo gidariaren kopiloto moduan. 18 taldek parte hartzen duten Copa Kobe Motor sailkapenean bigarren izan ziren horiek. Laugarren postuan hasi zuten proba Iriondok eta Zendoiak, eta lasterketaren bukaeran bigarren sailkatu ziren, aurrenekoa baino 17 segundo geroago. Lortutako emaitzei esker, kopako bigarren postuan dira biak, aurreneko postuan den Unai Garcia baino puntu bat gutxiagorekin.
Txapelketako hurrengo rallya apirilaren 8an eta 9an izango da Los Arcosen (Nafarroa).