Inaziotar Bideko udalerrien aurreneko topaketa izango da ostegunean Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 2a

Inaziotar Bidea igarotzen den Gipuzkoa eta Arabako herrietako alkateak, Gipuzkoa eta Arabako foru aldundietako ordezkariak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako ordezkariak aurrenekoz elkartuko dira Azpeitian bihar, osteguna, 12:00etan udaletxeko areto nagusian. Manresako alkate Valenti Junyentek, eta Azpeitiko, Azkoitiko, Zumarragako, Urretxuko, Legazpiko, Oñatiko, Zalduondoko, Asparrenako, Donemiliagako, Haranako, Kanpezuko, Kripaneko, Bilarreko, Guardiako eta Lapuebla de Labarcako ordezkariak izango dira bertan. Herrialde Katalanetan dagoeneko sortu dute Kataluniako Inaziotar Bideko Udalerrien Sarea, eta hori "erreferentzia interesgarria" izan daitekeela uste dute Azpeitiko Udaleko arduradunek. Horregatik, osteguneko bileran parte hartuko du Manresako alkateak, eta Kataluniako sarearea eta lan egiteko era azalduko ditu. Inaziotar Bidea "kultura eta erromesaldi turismoan nazioarteko erreferentzia bihurtzeko" sortu zela gogorarazi du Azpeitiko Udalak, eta zeharkatzen dituen udalerrien eta eskualdeen "garapen ekonomiko eta sozialean eragin zuzena izateko potentziala duela" azpimarratu du, "bisitarien joan-etorriak eragiten duen jarduera turistikoari esker". Osteguneko bileraren helburua da "udalerrien arteko lan espazioa edo gunea sortzea, sinergiak bilatzeko eta bakoitzak dituen arazoak, aukerak eta erronkak partekatzeko". "Bidearen sustapenerako eta dinamizaziorako ekintzak adostu eta abian jartzea" ere lortu nahi duela gaineratu du Udalak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide