Udaleko ordezkariak eta langileak, Perez Arregi plazatxoan. (Azpeitiko Udala)
Duela aste batzuk hasi zituzten Perez Arregi plazatxoa txukuntzeko lanak, eta azken ukituak ematen ari dira egunotan. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, inguruko bizilagunekin egindako bileran adostutako moduan plazako zuhaitz guztiak bere horretan mantendu dituzte, baina oinarriaren eremua txikitu diete horiei. Horrez gain, plazan zeuden eserlekuak ere tokiz mugitu dituzte, "zuhaitzen artean autorik ez aparkatzeko". Udalak esan duenez, "autoak plazatxoak uzteko ohiturari amaiera" eman nahi diote. Gainera, plazatxoko sarreran eta irteeran hondoratzen hasita zeuden piboteen inguruak ere "konpondu eta egonkortu egin dituzte". Lanek 20.000 euroko aurrekontua dute.
Perez Arregi plazako obrak bukatuta, Alde Zaharrean solte dauden galtzada harriak konpontzeari ekingo diote langileek datozen egunetan. Batez ere, Done Jakue kalean, Enparan kalean eta Elizkalean egingo dituzte konponketak. Lan horien aurrekontua, berriz, 10.000 euro ingurukoa da.