Saharako errealitateaz hitzaldia izango da gaur, Sanagustin kulturgunean

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 1a

Hassana Aalia ekintzaile sahararrak, Juan Karlos Izagirre Saharan lan egindako medikuak eta Embarcka Belkher Azkoitian bizi den ekintzaile sahararrak eskainiko dute solasaldia. 19:00etan hasiko da hitzaldia.

Zer gertatzen ari da Saharan? hitzaldia izango da gaur, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Kharmar Saharar herriaren aldeko elkarteak eta Elkar-ekinek elkarlanean antolatu dute solasaldia, eta 19:00etan hasiko da. Otsailaren 27aren bueltan antolatu dute hitzaldia, antolatzaileen esanetan data hori "egun handia" baita sahararrentzat. "1976. urtean Frente Polisarioak, Errepublika Arabiar Demokratiko Saharauia aldarrikatu zuen, gaur egunera arte diharduen borroka bati hasiera emanez", azaldu dute solasaldiaren antolatzaileek. Saharar herriari buruzko solasaldia Hassanna Aalia Espainiako gobernuak ezarritako kanporatze agindua duen ekintzaile sahararrak, Juan Karlos Izagirre Saharan lanean aritutako medikua eta Embarca Belkher Azkoitian bizi den ekintzaile sahararrak eskainiko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Hassannak lurralde okupatuetako errealitatea kontatuko digu, Juan Karlos Izagirrek herrien arteko kooperazioari buruzko hausnarketa konpartituko du eta Embarcak saharar gizartean emakumeak duen garrantzia azalduko digu". Mahai ingurua Irati Labakak gidatuko du. Joan den urteko udan Askapenarekin lurralde okupatuetara joateko aukera izan zuen Labakak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide