Lehia estua izango da igandean Azpeitian, Urrezko Aizkolarien binakako finalean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko otsailaren 25a

Hiru bikote sailkatu dira finalerako: Aitzol Atutxa II.a eta Ugaitz Mugertza II.a, Laurence O'Toole eta Iker Vicente, eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi.

(E. Albizu Lizaso) Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako Eusko Laber Sari Nagusia jokatuko dute Igandean, Azpeitian. Hiru bikote sailkatu dira finalerako: Aitzol Atutxa II.a eta Ugaitz Mugertza II.a, Laurence O'Toole eta Iker Vicente, eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi. 12:00etatik aurrera izango da lehia, Izarraitz Pilotalekuan, eta sarrerak leihatilan erosi beharko dira, 10:30etik aurrera. 20 euro balio du sarrera bakoitzak, eta 16 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango. Honakoak dira igandeko lanak:
  • Erlojuaren kontra: 45 ontzako enbor bana.
  • Zutika 60 ontzako enborra.
  • Bina 60ko bikotekide bakoitzak.
  • Zutik eta etzanda: 45 ontzakoa zutik eta kanaerdikoa etzanda.
  • Txanda librean: lau kanaerdi eta lau 60 ontzako.
Gazteek ere egingo dute erakustaldia: Julen Larrea III.a eta Ioritz Zelai II.a arituko dira Jauregi II.a eta Etxeberriaren kontra. Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak esan du ondo hartzen dituztela beti Azpeitian, eta horregatik izaten dela finala beti herri horretan: "1998an hasi ginen lehiaketa horrekin, eta dirua galdu genuen lehen aldian. Azpeitiko Udalak diru-laguntza eman zigun, eta lagundu zigun; erakundeak nahi duen artean hemen antolatuko dugu finala". Banakako txapelketetik hasi ziren lehenengo, eta binakakoarekin probatzea pentsatu zuten gero. Urteak igaro dira, baina oraindik baditu "berritasunak" aizkoraren munduak: "O'Toole dugu aurten, Australiakoa, eta horrek erakusten du bizirik dagoela kirol hau". Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak esan du beraiek jarraituko dutela baliabideak jartzen aurrerantzean ere, eta azpeitiarrak animatu nahi dituztela proba ikustera.

Irabazle argitik ez dute ikusten

Faborito argirik ez dagoela nabarmendu dute gaur, ostirala, emandako prentsaurrekoan. Batetik, azken bi urteetako irabazleak daude: Atutxa II.a eta Mugertza; bestetik, O'Toole eta Vicente, azken erakustaldietan maila "oso ona" erakutsi dutenak; eta, azkenik, Rekondo eta Saralegi, "bikote orekatuena". Aurkezpenean izan da Jose Mari Olasagasti aizkolaria ere, eta hark nabarmendu du "oso estua" izango dela proba, bikote guztiek dutelako "maila ona", eta denak "oso ondo prestatuta" iritsi direlako. Aitzol Atutxak esan du berarentzat "ohitura bat" bihurtu dela Azpeitira joatea: "Etxean ditudan txapel gehienetan Azpeitia jartzen du". Haren arabera, erakusketa polita izango da; uste du denek dutela "irabazteko aukera". Iker Vicentek ere esan du "guztia ematera" joango direla pilotalekura igandean, eta "ilusio handiarekin" daudela. O'Toole ere entrenatzen ibili da Australian eta Euskal Herrian, eta erronkari heltzeko prest dago.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide