Langabezia tasak behera egin du Azpeitian, 2013 eta 2015 urteen artean. %15,29tik %11,7ra jaitsi da zifra, eta garapen horren arrazoietako bat da, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, Udalak eta Iraurgi Berritzenek abian jarritako Sustapen Plana.
Estitxu Elduaien udal zinegotziak azaldu duenez, udalak 28 kontratazio eragin eta 74 eskaera edo proiektu lagundu zituen iaz: "80.000 euro bideratu ziren enplegua sortzeko edo mantentzeko proiektuetara; 25.000 euro, langabetuak lan merkatura sartu eta langileei kontratu mugagabeak egiteko; 36.985 euro, enpleguaren sorrera duten proiektu ekintzaile eta izaera soziala dutenak laguntzeko; eta 35.140 euro, merkataritzan edo lehen sektorean enplegua sustatzeko". 2013an jarri zuen Sustapen Plana lehen aldiz udalak, eta 186 proiektu lagundu ditu ordutik.
Udalaren planaz gain, Iraurgi Berritzenek ere 150.000 euro bideratu zituen sustapen ekonomikora, Azkoitian eta Azpeitian. 49 proiektuk lortu dute garapen agentziaren diru laguntza: 30 Azpeitian eta 19 Azkoitian. Iraurgi Berritzenen planak bi urte daramatza abian; eta, denera, 86 proiekturi lagundu die.
2016ari begira, berriro jarriko dituzte laguntza horiek. "Udalak jarraitu behar du ekonomia sustatzen eta haren hobekuntzaren motor izaten, eta hori izango da lehentasuna agintaldi honetan ere", nabarmendu du alkateak. Hori dela-eta, 300.000 euro bideratuko ditu udalak Sustapen Planera eta beste 200.000 euro formakuntza sustatzeko egitasmoetara.
Kimu bat langile elkartea
Pello Igarataundi
"Laguntza ona da bultzada eman, eta hasierako defizita murrizteko"
Kimu Bat lorezaintza eta ingurumen enpresa duela 25 urte inguru hasi zen lanean. Dena den, urte eta erdi daramatzate lanean langile elkarte gisa, eta 24 langile eta 19 bazkide ditu enpresak.
Hastapenetan, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez izan zuten diru laguntzen berri. Pello Igarataundi kooperatibako bazkidearen arabera, "elkar uztartzen diren" laguntzak dira Azpeitiko Udalarenak eta Iraurgi Berritzenenak. "Batetik, arlo sozialeko enpresa bat sortzeagatik jaso genuen laguntza bat; bestetik, Azpeitiko eta Azkoitiko bazkideek beste partida batetik jaso zuten, kooperatibako bazkide egiteagatik".
"Enpresa eraberritu genuenean, mailegu eta ekarpen pertsonalen bitartez hasi behar izan genuen lanean, beraz, laguntza ona da bultzada eman eta defizit hori pixka bat murrizteko", azaldu du Igarataundik. Azaldu du Iraurgi Berritzeni esker Urola Erdian enpresa eta eragileen "elkarlan handia" dagoela. Igarataundik uste du "denen ahalegina" beharrezkoa dela ekonomia sustatzeko, eta zentzu horretan Iraurgi Berritzenek "lan nabarmena" egiten duela.
(E. Albizu Lizaso)
Geu arropa denda
Asier Otaegi
"Hasiberrientzat halako laguntzek egon behar dute"
Geu gizonezkoen arropa denda abenduaren bukaeran ireki zuen Asier Otaegik, Erdikalean. Entzuna zuen bazirela merkatarientzat laguntzak, Alde Zaharra pizteko, eta Iraurgi Berritzenera joan zen informazio eske. Otaegiri udalak eman dio laguntza Alde Zaharrean negozio berria irekitzeagatik. Dena den, azaldu du oraindik ez duela dirua jaso, fakturak eta abar aurkeztu behar izaten direlako hasieran.
"Laguntza izango da oinarri txiki hori izatea", esan du. Izan ere, obra egin behar izan zuen: "Alde Zaharrean badakigu lurra eta etxeak nolakoak diren, oro har, eta moldaketa asko egin behar izan genituen".
"Iruditzen zait hasi berrientzat halako laguntzek egon behar dutela, beti eskertzen dira", esan du Otaegik. Gainera, nabarmendu du autonomoek "baldintza konplikatuak" izaten dituztela lan merkatuan, eta "dena eskertzen" dela.
Hala ere, azaldu du aholkularitzaren hutsunea sumatu duela: "Proiektuarekin hasi nintzenean dena berria zen, eta asko kostatu zait izapideak egitea". Hori dela-eta, adierazi du "pixka bat galduta" ibili dela, eta ondo legokeela ahalegin bat egitea diru laguntzak eskatzeko eta negozioa irekitzeko urratsak beste modu batera azaltzeko.