Eroskik beste saltoki bat irekiko du Azpeitian, 2017ko lehen hilabeteetarako. Juan XXIII.a auzunean dute saltokia jartzeko asmoa, Muebles Landu enpresako pabiloiak zeuden lekuan, hau da, Udal Liburutegiaren inguruan. 1.415 metro koadro izango ditu, Eroskik adierazi duenaren arabera, eta 85 aparkaleku egokituko dituzte. 35 lanpostu sortuko dituzte. "Zurekin" eredukoa izango da supermerkatua, Eroskiren hitzetan. Honakoak dira, hain zuzen, enpresak aipatu dituen ezaugarriak: "Bezeroari arreta pertsonala ematea, kontsumitzaileak aukera askatasun handia izatea eta tokiko produktuen aldeko apustu sendoa egitea".
Bestalde, Mikel Labayen Eroskiko sustatzaileak esan du leku berezia emango diotela "Gipuzkoako tokiko produktuei" Azpeitiko saltokian. "Azpeitia berritzeko planaren barnean sartzen da etorkizuneko Eroski supermerkatua, eta tokiko ekonomia indartzeko balioko du", nabarmendu du hark.
Azpeitiko hirugarren Eroskiren supermerkatua izango da Juan XXIII.a auzunekoa. Sanjuandegin dago bat, eta bestea Bustinzuriko Errebalean. Joan den urtean ireki zuten Bustinzuriko Errebalekoa, eta
urritasunen bat duten pertsonek kudeatzen dute.