Algararako mailegua

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 18a, 10:05

Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak 'Kreditua' antzezlana eskainiko dute bihar, Soreasu antzokian. Bankuko langile baten eta mailegua eskatzen duen bezeroaren istorioa taularatuko dute.

Ttanttaka antzerki konpainiako Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak Kreditua antzezlana oholtzaratuko dute bihar, ostirala. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da emanaldia, 22:00etan hasita, eta dagoeneko salgai daude antzezlanerako sarrerak. Hamar euroren trukean eskura daitezke Sanagustin kulturgunean edo Interneten; eta kultur bonoa dutenek, erdi prezioan erosi ahal izango dute. Iazko irailean estreinatu zuten lana, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta harrezkero herriz herri, oholtzaz oholtza, ibili dira. "Iaz bira moduko bat egin genuen obrarekin, eta 30 bat emanaldi egin genituen. Datozen hilabeteetan ere baditugu emanaldi solte batzuk. Zortea izan dugu, egia esan", azaldu du Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak. Kreditua izena du obrak, eta mailegu eskaera bat da istorioaren abiapuntua. Izan ere, Gurrutxagak hezurmamitzen duen pertsonaia banketxera doa kreditua eskatzera. Banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola jokatzen du Joseba Apaolazak, eta hark mailegua ukatzen dio eskatzaileari: "Istorioaren hasieran gizajoa ematen du nire pertsonaiak, baina antzezlanak aurrera egin ahala, biak ere...", azaldu du aktoreak. Obra "gaurkotasunean" oinarritutakoa izanagatik, "komedia" generokoa dela azaldu du Gurrutxagak: "Askori gertatu zaie bankura joan eta mailegurik ez ematea, baina drama horren aurrean obrak barre eginaraziko dio ikusleari". Elgoibarko aktoreak dioenez, "izugarria" da Apaolazarekin lan egitea: "Ni berria naiz antzerkigintzan eta Joseba Euskal Herriko aktore onenetakoa da. Konektatu egin dugu, bai oholtzan eta bai handik kanpo. Asko zaindu nau eta ikaragarri lagundu dit. Ohore bat da obra honetan berarekin parte hartzea". Euskaratutako obra Kreditua obraren jatorrizko bertsioa katalanez eta gaztelaniaz idatzi zuen Jordi Galceran antzerkigileak, eta euskarara Aitziber Garmendia aktoreak itzuli du. Gurrutxagak dioenez, "ikaragarrizko" lana egin du hark: "Aitziberrek lortu du testuari indar gehiago ematea eta hobetzea". Antzezlan hau mundu guztiko hainbat tokitan izan da ikusgai, eta izugarrizko "arrakasta" izan du. "Madrilen, adibidez, egunero-egunero eskaini dute, denbora luzez", azaldu du. "Antzezlanak oso harrera ona izan du, gustatzeko moduko lana da, eta indarra du", dio. Azpeitiko plazan Ostiralekoa ez da izango Gurrutxaga Azpeitiko oholtzaren batera igotzen den aurreneko aldia: "Futbolisto baten konfidentziak eskaini nuen Sanagustinen eta Hiru antzezlanarekin izan nintzen Soreasu antzokian. Biak dira toki ederrak, eta jende ugari bertaratu zen bietara. Gainera, esan didatenez, antzerkizaletasun handia dago Azpeitian. Beraz, ia jendea animatzen den".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide