Aitor Rodriguez aipamena jaso duen argazkiarekin. (Julene Frantzesena)
Argazki bakoitzaren atzean istorio bat izaten dela dio esaerak, eta egia izango da. Izan ere, Aitor Rodriguez (Azpeitia, 1976) argazkilaria urteetan atera dituen irudien atzeko kontakizunek harrapatu dute. Hark dioenez, "istorioak islatzea" du gustuko: "Irudietan argazkiko protagonistek bizi duten unea jasotzea gustatzen zait, aurrez aurreko lekukoa izatea".
Bere burua "erretratugiletzat" du Rodriguezek: "Paisajeak jasotzen dituzten argazkilariak badiren gisan, ni erretratugilea naiz. Gure aitaren eskua nabari daiteke hor. Jendeari ateratzen dizkiot argazkiak, eta zain egoten naiz, keinuak harrapatzeko. Argazkilari batzuek zortzi ordu igarotzen dituzte teleobjetiboarekin zain, txoria gerturatu eta argazkia ateratzeko. Horrek aspertu egiten nau ni. Gustatzen zaidana da, toki desberdinetara joan eta jendeari argazkiak ateratzea".
Argazkilariek "normalean" arlo bat hartzen dute lanerako. "Ni gizarte argazkilaria naiz. Modeloekin-eta probatu izan dut, baina ez da nirea. Niri benetako jendea, kalekoa eta naturala, gustatzen zait", azaldu du.
Mundu mailako aitortza
Duela egun batzuk mundu mailako errekonozimendua jaso du azpeitiarrak. Izan ere, One Eyeland webgunean eguneko argazki bezala aukeratu dute berak egindako irudi bat. Horregatik dirutan saririk jaso ez badu ere, "prestigioa" eman dio izendapenak. "Izen handiko jendeak bidaltzen ditu argazkiak, hala nola Loewe edo H&M gisako markekin lana egin duten argazkilariek edo Santander zein ING bankuekin lan egin dutenek. Gustura egotekoa, ikaragarria, da lortu dudana", esan du.
"Bikote baten istorioa" jasotzen duen irudia da hautatutakoa: "Neska zumaiarra da, eta hark nahi zuen argazkiak Itzurunen ateratzea. Hango haitzulo batean, zehazki, ezagutzen zuen-eta tokia. Irailaren 26a, larunbata, zen. 10:30ak inguruan ateratakoa da argazkia, marea behe-behean zegoela. Eguraldi ederra atera zen, eta pozik zen bikotea. Argazkian ikusten da hori; beraien egunean, nahi zuten tokian ageri dira. Ezkontza eguneko une bat da, benetakoa".
Webgune horretan aitorpena jaso duen argazkia Espainiako Txapelketara ere bidali zuen, baina han ez zituen azken fasera sailkatzeko behar adina puntu eskuratu. «Hautagai izateko 80 puntu eskuratu behar dituzte argazkiek, eta nireak 79 puntu lortu zituen. Espezialista naiz 79 puntutan. Izan ere, aurten eta iaz hainbat argazki bidali eta 79 puntu lortu ditut. Frustrazio puntu bat ematen du horrek, baina lasai nago. Izan ere, Bilboko argazkilari batek esan zidan bost urte igaro zituela 79 puntu lortzen, eta ordutik aurrera hasi zirela bere argazkiak aukeratzen», azaldu du argazkilariak barre artean.
Ospakizunetako lekuko
Mundu mailako webgune horretan bere argazkia hautatu izana ez da kasualitatea. Eta ez da kasualitatea ezkongaien irudi bat izatea errekonozimendua jaso duena. Rodriguezek, batez ere, ospakizunetako argazkiak ateratzen ditu: ezkontzetakoak, jaunartzetakoak... "Aitak erakutsi zidan ezkontzako irudiak egunean bertan ateratzea zela egokiena. Eta horixe nahi izaten dut, egunean gertatzen dena jaso eta kontatzea. Ezkontza ondorenean ere ateratzen dira argazkiak bilduma osatzeko, baina bikoteak ere ez du eguneko ilusio bera izaten halakoetan", adierazi du.
Bestalde, umeei ere ateratzen dizkie argazkiak: "Oso ondo konpontzen naiz haiekin. Pailazo samarra naiz, eta batzuek negar egiten badidate ere, moldatzen naiz".
Etxetik datorkio
Etxeko usadioari jarraituz hasi zen azpeitiarra argazkigintza munduan: aita, Angel, argazkilaria da eta anaia, Xanti, ere bai: "Zazpi edo zortzi urterekin etxeko laurok joaten ginen argazki rallyetara. Anaia eta biok aspertu egiten ginen, nahiago baikeguen igande goizetan lo egitea edo futbolean jokatzea".
Argi du "ordutik" duela argazkigintzarako zaletasuna. "Aitak argazki kamera oparitu, probatu, gustatu, eta horretan nabil ordutik. Kasualitatea izango da, baina aitaren bidea jarraitu dugu bi anaiok", esan du: "Dena den, aitaren estiloa eta nirea oso desberdinak dira. Aitak korte klasikoa zuen eta nik ez. Modernoagoak dira nire irudiak. Aitak esaten zigun geure estiloa bilatzeko, modak aldatuz joaten direla eta".
Anaia eta biak txikitatik "imajinazio" handiko pertsonak izan direla kontatzen du: "Marraztea ere asko gustatzen zitzaigun, eta marrazkigintzak eta argazkilaritzak badute lotura".