Sinaduren helburua beteta, independentziaz herri galdeketa egingo du Hitzartuk Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 15a

Galdeketa egiteko baldintzatzat zituzten 1.500 sinadurak bilduta, ekainaren 12an egingo dute herri galdeketa Azpeitian.

Joan den urtarrilaren 14an aurkeztu zuen Hitzartuk herri galdeketa egiteko erronka, Soreasu antzokian. Elkarteko kideek bi hilabeteko epean 1.500 sinadura biltzea zuten xede, ondoren independentziaz herri galdeketa egiteko Azpeitian, eta lortu dute xedea. Izan ere, hilabetean Azpeitian erroldatutako bizilagunen 1.500 sinaduratik gora jaso dituzte. Hitzartuko kideek azaldu dutenez, "herritarrei esker" lortu dute "honaino iristea", eta eskerrak eman dizkiete "hasi besterik egin ez den bide honetan sinatu eta lagundu duten guztiei". Erronka lortuta, ekainaren 12an honako galdera honi erantzun ahal izango diote 16 urtetik gorako eta Azpeitian erroldatutako herritarrek: Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar?. Dena den, sinadurak biltzeko bi hilabeteko epea jarri zutenez, jasotzen segituko dute. "Argi dugu zenbat eta sinadura gehiago izan, orduan eta zilegitasun gehiago izango duela galdeketak", azaldu dute Hitzartuko kideek. Beraz, oraindik sinadura eman ez dutenek aukera izango dute atxikimendua emateko martxoaren 12a bitartean, Gure Esku Dagoren lokalean eta kalean jarriko dituzten mahaietan.
Martxoaren 12an bukatuko da sinadurak biltzeko epea, eta egun horretan bertan kriseiluen egitasmoa egingo dute 19:30ean hasita. Joan den urtarrilaren 2an ziren kriseiluen ekitaldia egitekoak, baina haizeteak tarteko atzeratu egin zuten. Horrenbestez, martxoaren 12an "herritarren unea iritsi" dela irudikatuko dute, kriseiluak aireratuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide