VII. Antzerki Jardunaldietako kartela. (Hitza)
Azkoitiko Matadeixen Antzerki Jardunaldiak egingo dituzte zazpigarren urtez. Ohiko formatuari eutsi, eta otsailetik ekainera bitartean, Euskal Herrian ekoitzitako sei antzerki eskainiko dituzte, Matadeixen bertan. Datorren igandean hasiko dira emanaldiak, otsailaren 21ean, eta Ze Onda taldearen
Itsasoari negar antzerkiak irekiko du egitaraua. Euskal obrak dira denak, euskaraz ekoiztuak. Horietatik lau publiko nagusiari zuzenduta daude, bat gaztetxoei, eta, bestea, berezia izango da.
Antzerki jardunaldien helburua izan da hasieratik, talde berriei eszenatokira igotzeko aukera ematea. Horrez gain, urtez urte indarra hartzen joan diren jardunaldiak dira Matadeikoak: "Zazpigarren urtea izanda, jardunaldiek bere lekua hartu dute, eta talde batzuk guregana etorri dira ea parte hartu dezaketen galdezka", azaldu dio Hitzari Xabier Arenaza antolatzaileetako batek.
Matadeixe, jarleku kopuru mugatuko aretoa izanda, aktore askoren kutuna da, baita ikusleena ere, eta erantzun beroa izaten dute emanaldiek: "Publiko finkoa agertzen da urtero", dio Arenazak. Mataideko kideek batzarretan proposatu eta aukeratzen dute egitarauko obra sorta.
Hilean behin
Aurreko urteetakoarekin konparatuz, behera egin du emanaldi kopuruak: "Hilean bi antzerki programatu beharrean, bakarra antolatzea pentsatu dugu aurten, lan kargagatik izan da hori, batez ere". Maiatzean izan ezik, —bi antzerki daude hil horretako egitarauan—, hilean antzerki bana egongo da, ekainera arte.
Umeak eta musika
Ohiturei jarraituz, umeei zuzendutako saio bat dago egitarauaren barruan, aurten Behidis Teatroak sortutako
Murren bidaia antzerkia arduratuko da gaztetxoak entretenitzeaz. Emanaldi berezia, berriz, maiatzeko bigarren igandean iritsiko da:
Sokak lana. Melodia herrikoiak erabiliz, euskal kantuetara gerturatuko da bi musikariz eta beste bi aktorez osatutako lantaldea, izan ere, "ibilbide poetiko-musikal batera gonbidatu" nahi dute ikuslea.
Beñat Rodriguez azkoitiarrak sortu du aurtengo jardunaldiak iragartzeko kartel koloretsua. Sarrera guztiak bost euroren truke eros daitezke, antzerki egunetan, Matadeixen bertan.
Ikusi jardunaldien egitarau osoa,
hemen.
Ane Arenas (aktorea): "Modu politean kontatutako istorioa da Itsasoari negar antzerkia"
Ane Arenas aktore azpeitiarra. (Ana Abarisketa)
Antzerkia ikustea baino "egitea" nahiago duela uste du Ane Arenasek (Azpeitia, 1990). Goiz hasi zen taularatzen, eta pertsonaia asko interpretatu ditu ordutik. Matadeiko jardunaldietan parte hartuko du azpeitiarrak laster, beste hiru kide donostiarrekin batera.
Jardunaldiak irekiko dituzue Itsasoari negar antzerkiarekin. Zer aurkituko du ikusleak?
Maren izeneko neska baten kontakizuna da, orain dela urte batzuk kokatutako istorioa, herri arrantzale batean. Beste egoera sozial bat du oinarri, eta emakumearen eta gizonaren rola erabat nabarmenduta daude. Krisi baten ondorioz, dena nahastuko da herrian, eta emakumeei tokatuko zaie guztiari buelta ematea.
Nori zuzendua dago?
Denek ikus dezakete obra, modu politean kontatutako istorioa da, ipuin gisa. Pasarte latzak gertatzen dira, baina pertsonaia batzuk ematen die umore kutsua.
Lau aktore zarete taldean, nolako pertsonaiak dituzue?
Maren da pertsonaia nagusia, eta neuk antzezten dut. Besteek –Jon Ander Alonso, Silvia Manzana eta Iñaki Santos– pertsonaia bat baino gehiago antzezten dituzte.
Antzezteko nolako obra da?
Aurrera ateratzeko oso obra konplexua izan da. Garbi genuen objektu gutxiko lana izatea nahi genuela, antzerki tradizionaletik urrunduz pixka bat, eta zaila izan da guretzat nola eraiki asmatzea.
Nola sortu zen antzezlana?
Oso etxeko obra da gurea. Gidoia Silvia Manzanak idatzi zuen, eta besteokin jarri zen kontaktuan. Zubi egitasmoari esker astebeteko bi egonaldi egin genituen iparraldean. Egunak elkarrekin pasatzen genituen entseatzen, batera jan eta lo egiten. Sariagatik ez balitz, ez dut uste antzerkia aurrera aterako litzatekeenik.
Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu zenuten lana. Zer oroitzapen dituzu?
Erlojupean iritsi ginen, nahiko
berde. Halere, jendeari gustatu ziztzaion, eta gustura gaude.
Matadeixe gustuko duzu?
Mundiala da. Argi dago antzerki mailan herriari izugarrizko ekarpena egiten diola.