32 urteren ostean artxibatu du auzia Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak. Erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du auziko abokatuak, "hilketa aztarnak" daudelako.
Pasaiako segadaren auzia artxibatu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "deliturik ez duelako frogatu". Joan den otsailaren 3an jakinarazi zieten erabakia segadan hildakoen familiakoei.
Pasaiako segadaren auziko abokatu Santiago Gonzalezek Hitzari adierazi dionez, erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu dute dagoeneko, "hilketa aztarnak badaudela" uste baitute: "Jose Luis Morenoren –bizirik atera zen segadatik– testigantza, tiro hotsak entzun zituzten lekukoak eta Paco Etxeberria auzi-medikuak esana hor daude. Izan ere, Etxeberriak esan zuen hildakoetako batek bularrean zituen tiroak distantzia erdira eginak zirela. Poliziak mantetzen duen bertsioarekin ez datoz bat horiek, eta nahikoa dira hilketa aztarnak badirela esateko. Beraz, ikerketak jarraitu egin behar duela uste dugu".
Horrez gain, badute auzia berriz zabaltzeko esperantza izpi bat. Hala dio Gonzalezek: "Donostiako Epaitegiari eskatu diogu EITBri eska diezazkiola 1984an, Enrique Casas hil ostean hartutako irudi batzuk, ondoren lekukoei erakusteko. Izan ere, Pasaiako segadan parte hartu zuen norbait azal daitekeela uste dugu, eta proba gisa balio dezaketelakoan gaude".
Segadan hildako Pedro Mari Isarten arreba Lurdesek dioenez, ez dute ulertzen kasua artxibatu izana: "119 bala izan ziren, eta egin diren epaiketak ez dira serioak izan. Familiarentzat eta gertukoentzat gogorra da halako albisteak jasotzea; izan ere, lan handia egin da egia jakiteko".
32 urte aurrekaritan
1984ko martxoaren 22an jazo zen segada. Espainiako Poliziak egindako operazioan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil ziren: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, Rafael Delas iruindarra eta Jose Maria Isidro Izura txantrearra.
Ikerketa hasi eta urte gutxira, 1986an, artxibatu zuten auzia lehenengoz. Gonzalezek dioenez, ez zen artxibatze "formala" izan, "Merinori ez baitzioten deklaraziorik hartu". Hori dela eta, 2000. urtean, kasua berriz zabaltzeko eskatu, eta auziarekin jarraitzea lortu zuten. Dena den, ordutik epaitegiak "trabak" jarri izana salatu dute.
Egia, justizia eta oroitzapena taldeak sinadura bilketa abiatu du, Pasaiako segadan gertatutakoa argitzea eta kasua ez artxibatzea eskatzeko. Change.org webgunean ari dira sinadurak jasotzen, eta dagoeneko 1.000tik gora lortu dituzte. Gonzalez abokatuak dioenez, sinadurek balio judizialik ez badute ere, "balio soziala eta politikoa" dute.
"Gizarteratzeko beharra"
Lurdes Isartek "errelatoa sozializatzeko" beharra azpimarratu du, "gertatu zena guztiek jakin dezaten eta, batik bat, berriro halakorik gerta ez dadin". Haren ustez, "gertatutakoa gizarteratu behar da, guztiak inplika daitezen". Isartek uste du "memoria denena" dela: "Merezi dugu egiaren errelato duina, mozorrotu gabekoa eta konnotazio politikorik gabea; memoriari lotuta egon behar dute biktimek".
Isartek dioenez, "hauxe" da Euskal Herria: "Sufritzea tokatu zaigunok izan dugu gure egia kontatzeko konpleju gehien, eta horrek ezin du hala izan".