Elkar-Ekin taldeko kideek azaldu dutenez, azken asteotan "gertutik" ari dira ikusten "pobrezia energetikoaren errealitatea". Horregatik jarri dute kanpaina abian.
Hainbat herritarrek bizi duten pobrezia energetikoari aurre egiteko asmoz, mantak jasotzen hasi dira Azpeitiko Soreasuko Elkargunean. Elkar-Ekin taldeko kideek azaldu dutenez, azken asteotan "gertutik" ari dira ikusten "pobrezia energetikoaren errealitatea". Haien arabera, "berogailua pizteko adina diru ez duten ehunaka azpeitiar neguko hotzei aurre egin beharrean daude". Horregatik, Elkarguneko dendara mantak modu merkean erostera joaten diren herritarrak "gero eta gehiago" direla esan dute: "Momentu honetan ia mantarik gabe gelditzen ari gara, beraz, ahalik eta manta gehien bildu nahi genituzke datozen egunetan herritar horien egoera arintzeko".
Elkar-ekinekoek azaldu dutenez, enpresa energetiko handiek "urtero sekulako dirutzak irabazten" dituzte, "publikoak beharko luketen iturri energetikoak beraien neurrira erabiliz". Haien aburuz, "irabazi horien itzalean, neguan hotza pasatu beharrean dauden pertsonak daude, horrek osasunean sortzen dituen ondorio larriekin". Elkar-ekineko kideek "berogailurik gabe inor egongo ez den gizartea" aldarrikatu dute, "justiziazkoa" delako: "Momentuz, jakitun gara egoera horretatik urrun gaudela. Beraz, antzeko kanpainak martxan jarri beharrean ikusi gara, herritar horien zailtasunak arintzen lagunduko duelakoan".