Hamalau urteren ostean, gaur du azken saioa sokan. Aitor Cordobak beste leku batetik gozatuko du sokamuturraz hemendik aurrera. Agurtu aurretik, eskerrak eman dizkie sokamutil izateko aukera eman dioten guztiei.
Noiz irten zinen estreinekoz sokamutil bezala?
Duela hamalau urte, San Sebastian egun batean. Beti gustatu izan zait sokamuturra; etxean asko bizi dugu, eta aitarengandik jaso dut, agian, afizio hori.
Ia festa denetan egoten da zezena Azpeitian. Zein da bereziena?
Zalantzarik gabe, Elegante egunekoa. Egun horretan 16:30ean Erdikalean sortzen den giroa azalezina da. Musika banda, jendea... dena.
Giro hori zezena baino gehiago da, ezta?
Bai. Zezenak berak eta inguruko guztiek egiten dute hori. Gainera, somuturrean ibiltzeko era desberdinak daude, eta bakoitzak berea hauta dezake: gertuago, urrutiago, hesien atzetik...
Zergatik erabaki duzu sokamutil izateari uztea?
Uste dut lagatzeko unea iritsi dela. Neure burua ondo ikusten dut jarraitzeko, baina beste batzuei ere eman nahi diet hau probatzeko aukera. Gazteren batek ilusio handiarekin hartuko du lekua. Gogoan ditut nire hastapenak: Unanue anaiak, Aitor edo
Xague. Haiek irakatsi ziguten guri.
Urduri egongo zara gaur?
Hasieran eta bukaeran seguru urduri egongo naizela, baina tartean ahaztu egingo zait azkena dela, ziur. Dena ondo joan dadila, horixe eskatzen dut.