Kontxu Odriozola aktore azpeitiarra hil da

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 5a

Gaur, ostirala, hil da Kontxu Odriozola aktorea (Azpeitia, 1945). 70 urte zituen Odriozolak, eta minbiziaren ondorioz zendu da. Irakasle ikasketak egin zituen, eta Errenterian (Gipuzkoa) ibili ostean, Azpeitiko ikastolan lan egin zuen hark, eta lehen irakasleetakoa izan zen. Ondoren, Donostiako Axular lizeoan izan zen irakasle. Bikoizketa eskola ireki zuen, beste lagun batzuekin, eta Antzerti eskolan hasi zen lanean 36 urterekin. Aktore bezala, Ama Begira Zazu obrak eta ETB1-eko Goenkale telesailak eman zioten oihartzun handiena, azken horretan Maria Luisa Galardiren paperarekin. Erreferente bat da Ama Begira Zazu antzezlana euskal antzerkigintzan, 200 emanaldi baino gehiago egin zituen taldeak urtebeten. Antzerkiaren munduan, honako lanak nabarmendu daitezke: Troiarrak, Aspirina para dos, Pipin, Un Tranvia llamado deseo eta abar. Hainbat filmetan egin ditu aktore lanak, Urte berri on, amona! izan zen azkena. Joan den abenduan Uztarria.eus-ek elkarrizketa egin zion azpeitiarrari. Bestalde, haren bizitzaz eta aktore ibilbideaz liburua argitaratu zuen Azpeitiko Udalak 2002an, Euskal Antzerki Topaketen XX. edizioan. Pako Aristik idatzi zuen liburua Uztarria.eus-en liburuen atalean irakur daiteke. Uztarriak ohorezko bazkide egin zuen Odriozola, Mari Tere Garmendiarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide