(E. Albizu Lizaso)
Ander Idoetarekin batera esnatzen da Azpeitiko Udal Liburutegia. Izan ere, bera arduratzen da bertako argazkiak eta ordenagailuak pizteaz, baita egunkari eta liburuak txukuntzeaz ere. Gustura sartu da lanera, eta irribarrea ahoan jaso ditu ostegun goizez liburu artera inguratu diren herritarrak.
19 urteko mutil azpeitiarra da Idoeta, eta down sindromea dauka. Zumaiako Institutuan ikasten du, Zereginen Ikaskuntza Gelan, eta praktikak egiten ari da orain Enparan dorretxeko liburutegian. "Asko" gustatzen zaio bere lana, batik bat, liburutegiko kontsultak egitea. Horretarako, bezperan erabilitako liburu guztiak biltzen ditu, eta makina batekin identifikatzen ditu. Lan horri esker, liburutegian badakite zein diren erabiltzaileek gehien irakurtzen dituzten liburuak.
Umeek atzo erabilitako liburuak jaso ditu Idoetak. "Haurrek txerri eginda lagatzen dute hau, eta norbaitek jaso behar izaten ditu", esan dute azpeitiarrak eta Maider Egiguren lankideak. Dagoeneko ezagutzen du liburutegiko materiala, eta laguntzarik gabe jaso eta mailakatzen du mahai gainean.
Lankideekin ere harreman estua du: "Ondo konpontzen naiz nirekin lan egiten dutenekin, eta lagunak ditut dagoeneko", azaldu du gazteak.
Guztientzat aberasgarri
Beatriz Aranbarri liburutegiko langileak esan du «guztiak» ari direla ikasten Idoetarekin: "Aukera eman ziguten praktiketan hartzeko, eta pentsatu genuen denontzat izango zela esperientzia polita. Udalean egin genuen eskaera, eta hemen dago". Aranbarriren arabera, azalpenak eman zizkioten lehen egunetan, baina dagoeneko "bakarrik moldatzen da" eta "lan asko" aurrezten diote, "ordenatua" eta "txukuna" delako. Horrez gain, "giroa alaitzen du" gazteak, pertsona "alaia" delako: "Ez du inongo arazorik izaten inorekin lasai hitz egiteko".
Behin liburu artean, irakurzaletasuna ere landu du. Geronimo Stilton sagutxoaren istorioak irakurtzen ditu Idoetak, euskaraz eta gaztelaniaz.
Urtarrilaren 11n hasi zen Azpeitiko Udal Liburutegian laguntzen, eta Aste Santuak bitartean egongo da bertan. Herritarrek egunero aurki dezakete Enparanen: astelehenetan, goiz guztia pasatzen du liburutegian; asteartetik ostegunera, pare bat orduz egoten da, eta, gero, Loiolako turismo bulegora joaten da. Han turistei liburuxkak banatzen dizkie. Horrez gain, hileko lehen hiru egunetan elikagaien bankura joaten da, eta kaxak mugitzen zein janaria sailkatzen laguntzen die hango boluntarioei. Ondoren, astearte eta ostiral arratsaldeetan igerilekuan ibiltzen da, Izarraitz igeri elkartekoekin. Asteari bukaera borobila emateko, Txolartera joaten da larunbatetan. Ez da geldirik egoteko pertsona.