Sormen libreko eta publizitate arloko irudi sarituak. (Xanti Rodriguez)
Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrak XII. Valentzia Erkidegoko argazkilaritza profesional saria irabazi du. Lehiaketa hamabi modalitatez osatuta dago, eta horietatik bitan lortu du saria azpeitiarrak: publizitatean eta gai librean.
Urtarrilaren 30ean eman zuen epaimahaiak sarituen berri, azpeitiarrak "oso pozik" jaso zuen albistea: "Egia esan sorpresa izan da, lehiaketetara aurkeztean ezin da jakin zer gertatuko den, jende asko aurkezten baita normalean", esan dio Hitzari. Hamabigarren ediziora 500 lagunetik gora aurkeztu dira, hain zuen. Argazkilari profesionalei zuzendutako Valentziako lehiaketa bi urtetik behin antolatzen dute.
Ukituei kritika
Urrian aurkeztu zituen obrak lehiaketara. Sormen librekora emakume baten aurpegia aurkeztu zuen. Aurpegia ukituta dago, emakumea harrizkoa balitz bezala: "Gaur egun moda munduan egiten diren ukituei kritika da, izan ere, Photoshopa asko erabiltzen da diseinuko aldizkarietan". Punta-puntako teknologiaren erabiltzailea izanik, halako programak "erabili behar direnean bakarrik" erabiltzearen aldekoa da sortzailea.
Publizitate modalitatean Irizar taldearentzat diseinatutako irudia aurkeztu zuen Rodriguezek. Ormaiztegiko enpresak i8 gama altuko autobus modelo berria merkaturatu zuen urrian: "Autobusa aurkezteko irudi dotorea sortzea zen helburua". Sari bakoitzeko 500 euro eta Santiago Calatravak diseinatutako oroigarria jaso ditu.
Rodriguezek irudi "irrealak" eta "onirikoak" sortzea du gustuko. "Argiaren bidez ikuspuntu ezberdinak irudikatzen saiatu naiz bi sorkuntzetan; Irizarren lanean, esaterako, kurbak iradokituz eta argiekin jolastuz halako mundu onirikoa sortzen saiatu naiz".
Valentziakoa ez da Xanti Rodriguez aurkezten den lehen lehiaketa. Irabazi ere bat baino gehiago irabazi ditu: Europako argazkilarien bi sari 2011n, edota argazkilaritzako Goya saria iaz, besteak beste. Europako urteko argazkilari onenaren sarietara ere aurkeztu da aurten.