GHK-k ez badu Lapatxen inguruko erabakia errespetatzen, herri galdeketa egingo dute Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko otsailaren 2a

Urola Erdiko Mankomunitateak erabaki zuen astelehenean Lapatx zabortegia bete bitartean Gipuzkoa osotik jarraituko zuela hondakinak jasotzen. Ezezkoa eman zioten, ordea, zabortegia handitzeko GHK-k egin zien eskaerari.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez badu errespetatzen Urola Erdiko Mankomunitateak Lapatx zabortegiaren inguruan hartu duen erabakia, Azpeitiko Udalak herri galdeketa deituko du Azpeitian, herritarren iritzia jakiteko. Hala erabaki dute gaur arratsaldean, ohiko udalbatzan. EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin, aho batez hartu dute erabakia. Urola Erdiko Mankomunitateak erabaki zuen astelehenean Lapatx zabortegia bete bitartean Gipuzkoa osotik jarraituko zuela hondakinak jasotzen. Ezezkoa eman zioten, ordea, zabortegia handitzeko GHK-k egin zien eskaerari. Erabaki horren aurkako jarrera hartzen badu GHK-k, kontsulta egingo du Azpeitiko Udalak. Kasu horretan, honakoa litzateke galdera: Lapatx ixtea nahi duzu?. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, GHK-k eskatzen du 175.000 metro kubikoko beste zabortegi bat egitea Lapatxen bertan, eta horrek, gutxienez, beste urtebeteko bizitza emango lioke azpiegiturari. Hala ere, Kantabriako zabortegiarekin akordio batera iritsi direla ikusita, positibotzat jo dute egoera. Dena den, Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakariak azken batzarraren ostean esandakoa berretsi dute: «Azpeitiak izango du azken hitza». Ostegunean, hilaren 4an, egingo du ezohiko batzarra GHK-k, eta bi punturen inguruan hitz egingo dute. Batetik, zaborra Kantabriara (Espainia) eramateko egin duten aurreakordioa izango dute hizpide. Bestetik, izaera juridikoko pertsona edo erakunderen bat epaitegira eramatea eztabaidatuko dute. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du Urola Erdiko Mankomunitatea izan daitekeela epaitegietara eraman nahi dutena, Lapatx zabortegia ez handitzea erabaki duelako. Ezohiko udalbatza batean egin beharko luke deialdia udalak, azkenik, galdeketa hori egin behar bada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide