Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaile eta babesleak. (Ana Abarisketa)
Diego Garcia zenaren omenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia apirilaren 16an jokatuko da, larunbatez. Aurten kirola eta festa uztartu nahi dituzte antolatzaileek, "ahalik eta jende gehien" erakartzeko: "Herritarrek gozatzea nahi dugu".
Amets baten taupadak lelopean, hamaika ekintza antolatu dituzte lasterketaren egunerako eta aurrekoetarako. Egitaraua, ordea, aurrerago jakinaraziko dute.
Agustin Jimenez Xeyeko kide eta Azkoitia-Azpeitia lasterketaren zuzendariak esan du, bi herrien arteko elkarlana lantzea dutela: "Azkoitian eta Azpeitian kirol afizioa zabaldu eta bokazioa eta afizioa batzea da gure helburu nagusia, Diego Garcia zenari gustatu bezala".
Atzo aurkeztu zuten maratoi erdiaren 23. edizioa Azkoitian. Jimenezek esan du, Xeye atletismo taldea, Ttipi-Ttapa elkartea, Raka Maraton Atletismo Taldea eta Urolako Trena Irristaka patinatzaile taldea "lan handia" egiten ari direla antolatzeko lanean.
Probak eliteko kirolariak eta afizionatuak batu nahi ditu, "horixe zen Diego Garciaren filosofia eta lortu nahi duguna".
Izen ematea, ostiraletik aurrera
Ostiraletik aurrera izango da lasterketan izena emateko aukera
www.azkoitia-azpeitia.com webgunean. Parte-hartzaileek 22 euro ordaindu beharko dituzte, federatuek 19 euro. Martxotik aurrera prezioa igotzen joango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Hiru lasterketa jokatuko dira apirilaren 16an: Roller saioa, 16:30ean; 7,5 kilometroko lasterketa motza 16:45ean hasita; eta 21 kilometroko maratoi erdia, 17:00etan. Hirurak Azkoitiko Julio Urkijo kalean hasiko dira, eta Azpeitiko Loiola etorbidean bukatu.
Datu interesgarriak (Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia)
1994. urtea. Duela 23 urte jokatu zen aurrenekoz Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia, eta 610 lagunek parte hartu zuten.
2012.Eunice Kirwa Jepkirui kenyarrak (01:08:39) emakumeen marka hautsi zuen.
2014. Alex Oloitiptip Korio kenyarrak maratoi erdiko marka hautsi zuen, 00:59:58 denbora eginda. Bigarren sailkatuak ere, Edwin Kipsang kenyarrak, ordubete azpitik bukatu zuen lasterketa: 00:59:59 denboran.
2010. 1.312 kirolarik parte hartu zuten Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian, lasterketan inoiz izan den parte hartze kopururik handiena.
2015. Emmanuel Bett (00:60:08 ) eta Monica Jepkoechek (01:10: 30) irabazi zuten iaz Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia.