Kalean da ‘Aho bizarrik gabe’ zikloaren sareko liburua

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 1a

Hainbat esparrutako punta-puntako jendea bilduta, hamabi solasaldi antolatu ditugu Azpeitian, ‘Aho bizarrik gabe’ zikloaren baitan. Gogoetak sareko liburuan jaso ditugu.

Aho bizarrik gabe solasaldi zikloa antolatu eta gauzatu dugu 2013tik 2015era Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak. Bi urteko elkarlanari esker, bi hilean behin kalitateko eta prestigioko saioak euskaraz antolatzea izan dugu xede. Horren erakusle dira Sanagustineko oholtzara igo diren solaskideak: Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien, Amets Arzallus, Jesus Egiguren, Jon Sarasua, Edurne Brouard, Fermin Muguruza, Ramon Saizarbitoria eta Gaizka Garitano. Haiekin, parez pare, Azpeitiko komunikatzaileak aritu dira galderak egiten: Mikel Aiestaran, Oihana Elduaien, Pako Aristi, Eider Alkorta, Xabier Euzkitze, Estitxu Elduaien, Enekoitz Esnaola, Josu Azpillaga, Alex Silva, Olatz Prat, Ramon Etxezarreta eta Ander Ugarte. Jasotako ideiekin, sareko liburua osatu dugu, haien gogoetak eta hitz guztiak gordetzeko. Aho bizarrik gabe zikloaren antolatzaileok izandako lankidetzaren balioa ere nabarmendu nahi dugu. Bakoitzaren ezaugarriez baliatuz, solasaldien zabalkude askotariko eta zabala egin genuen. Liburu hau da –hedapena barne–, ahalegin horren beste froga bat. Euskaraz bizitzen jarraitzeko ahaleginean, gure ekarpena izan da solasaldi zikloa. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiegu gonbidatu, elkarrizketatzaile eta, modua batera edo bestera, Aho bizarrik gabe-ren zati izan diren herritar gutziei. Saio guztiak, osorik ikus daitezke Erlo Telebistaren bideoetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide