A. Lizarralde eta E. Elduaien udal zinegotziak (Azpeitiko Udala)
Azpeitiko Udalak 68 etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak eman ditu 2015ean, "behar gehien dituzten herritarren"
errenta ordaintzera bideratutako partidaren bidez. Laguntza horietatik 52 jaso dituzte 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek; zortzi, banandutako pertsonek eta beste zortzi 70 urtetik gorako herritarrek. Horretarako,
150.000 euro erabili ditu erakundeak.
Agustin Lizarralde udal zinegotziaren arabera, diru-laguntza horien helburua da "arazoak dituzten herritarrei laguntzak eskaintzea", "herriko etxe hutsak merkaturatzea", "alokairua sustatzea" eta "Alde Zaharra biziberritzeko saiakeran beste pauso bat" ematea; izan ere, gune horretan etxea errentan hartu duten herritarrek gehigarri bat jasotzen dute.
Azpeitiko Udalak halako diru-laguntzak ematen dituen bigarren urtea da 2015a. 2014ko deialdian gazteentzat soilik ziren laguntzak, eta aurten zabaldu dute deialdia beste herritar talde batzuentzat; banadutakoak, urritasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak, kasu. Bestalde, 2015ean kontuan hartu dituzte eskatzaileen diru-sarrerak, haien arabera laguntzak banatzeko. Zifra horiei erreparatuta, %20ko, %30eko, %40ko edo %50eko laguntzak eman ditu erakundeak. Baldintza horien inguruko informazio gehiago, hemen.
2016an ere bide beretik
2016an ere deialdia egingo duela esan du Azpeitiko Udalak, eta "udaberri alderako" argitaratuko dituzte. 150.000 euro bideratuko dituzte berriro partida horretara. Erakundeak adierazi duenez, lanean ari dira jada, oinarriak "berrikusi" eta "ahalik eta egokien fintzeko": "Lan hori bukatu bezain pronto egingo da laguntzak eskatzeko deialdia".