(N. Uranga)
Hezurren Egia, Urolako lehen biztanleak erakusketa irekiko dute bihar, Loiolako Ingurugiro Etxean. 11:30ean da inaugurazioa, eta Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeak eta Azkoitiko Munibek urte luzez eginiko aurkikuntzak izango dira bertan ikusgai. "Urola Erdiko historiaurrea gizarteratzea eta bailaran egindako aurkikuntzak ezagutarazi eta balioan jartzea" da Hezurren Egia egitasmoaren helburua, eta bide horretan, baliabide bat da bihar irekiko dutena.
Erakusketa sortu aurretik, lanketa berezia egin dute bailarako bost udalerritan: Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan. Esate baterako, eskuorriak banatu dituzte eta hitzaldiak ere egin dituzte udalerriz udalerri. 2013an hasi ziren proiektuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratu zituelako eskualdeko historia berreskuratzera.
Etxekoentzat egina
Jesus Tapia Aranzadiko kideak eta egitasmoaren sustatzaileek azaldu du, "ondarea balioan jartzea" dutela xede, eta erakusketarekin "bertako jendearengana" iritsi nahiko luketela. "Ikasle eta herritarrentzat moduko erakusketa" egin dute; horregatik erabili dute, beraien arabera, hizkuntza "sinplea" eta "oinarrizkoa".
"Urolan ezagutzen ditugun adibiderik garrantzitsuenak" bildu dituzte erakusketarako. Horretarako, pieza edo tresnen erreplikak erabili dituzte, ez jatorrizkoak. Tapiak nabarmendu du "etengabeak" direla aurkikuntzak bailaran, eta "hemendik aurrera aurkituko dituztenek ere tokia" izango dutela Ingurugiro Etxean.
Erakundeei baliabide eske
Jose Ignacio Arrieta Antxieta Arkeologi taldeko kideak esan du erakusketa modu "didaktikoan" planteatu dutela, ikastetxeetako bisitekin eta halakoekin pentsatuta. "Turismo aldetik ere aukera bat da, bertako turismoari begira, batik bat; baina baita kanpoko bisitariei begira ere". Halere, nabarmendu du ez duela betetzen museo baten funtzioa: "Gogorarazi nahi dugu Gipuzkoan ez dagoela arkeologia museorik. Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan halakorik ez duen bakarra da". Hori dela-eta, dei egin die erakundeei gaia "serio" har dezaten. "Azken urteetan, ez da aurrerapausorik eman, benetan ez zaiolako gaiari heldu", gehitu du Arrietak.
Inguru hauetan "aurkikuntza asko" daudela azaldu du, eta baliabideak jartzea exijitu die instituzioei: "Talde bezala lanean jarraituko dugu, baina afizionatuak gara, eta alor denetan ezin dugu aurrera egin. Aurkikuntzena soilik da gurea".