Inauterien atarian, kaldereroak ospatuko dituzte asteburuan Azpeitian, urtero bezala. Sansebastianak igaro berri, aste honetatik aurrera, azpeitiarrek aukera izango dute berriro jai giroan murgiltzeko. Kaldereroak, Txikiteo Elegante eguna, Astelehen karnabala... errenkadan iritsiko dira guztiak.
Larunbatean izango da kaldereroen desfilea: 19:00etan abiatuko da konpartsa, asto eta guzti, Arana kaletik hasita. Hauxe da Azpeitiko kaldereroen ibilbidea: Bustinzuriko Errebala, plaza, Enparan kalea, Erdikalea, Elizkalea, Donejakue kalea eta plazara iritsiko dira. Juan Antxieta Musika Eskolako kideak eta Udal Musika Bandakoak 18:50ean elkartuko dira, desfilean zehar giroa alaitu eta herritarrak abestera animatzeko.
Behin plazan,
Trapu Zaharrak eta
Kalderero martxa abestuko dituzte parte-hartzaileek Alde Zaharreko hainbat txokotan, Juan Antxieta musika eskolak eta Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta. Plazan kantatu ostean, Olazko Amaren plazan bukatuko da ekitaldia. Beti bezala, kaldereroen desfilea irekia da, eta udalak herritar, talde, elkarte eta eragileei dei egin die kalejiran parte hartu dezaten, gurdiari tiraka edo kantari.
Afaltzeko ordurako bukatuko da ekitaldia; eta, ondoren, Joxe Replay taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita.