Elegante Egunez, otsailak 7, egingo den artzain-inudeen kalejiran danborra jotzen ateratzeko deia egin du Azpeitiko Udalak. Azken urteetako gisan, aurten ere danbor-joleek lagunduko diete artzain-inudeei eguerdiko kalejiran; izan ere, Udalak adierazi du "ohitura egonkortzeko ahaleginetan" ari dela.
Parte hartu nahi dutenek Udal Kultur bulegora joanda edo 943 15 70 68 telefono zenbakira deituta eman beharko dute izena. Elegante Egunaren aurretik bi entsegu egingo dituzte. Lehena ostiralean, urtarrilaren 29an, izango da, 20:00etan hasita, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Urola Kalea, 6). Bigarren entsegua, aldiz, otsailaren 4an izango da, ordu eta leku berean.