Elkar-ekineko eta zine klubeko kideak (E. Albizu Lizaso)
Zine soziala sustatu eta lantzeko asmoz, elkarlanean prestatu dute film sozialen zikloa Azpeitiko Paradisu Zinema zine klubak eta Elkar-ekin taldeak. Urtarrila eta martxoa artean, hiru film eskainiko dituzte, hilean bana; eta solasaldi irekiak egingo dituzte ondoren. Bi taldeek herritarrei "zinemaz gozatzeko" gonbidapena egin diete. "Luxua da film horiek Azpeitian ikustea, pantaila handian; eta ondokoarekin hitz egiteko aukera izatea", azaldu du Xabier Gantzarain Paradisu Zinemako kideak.
Badira hilabete batzuk Elkar-ekinek Elkargunea ireki zuela, eta Eneko Ibarguren talde eragileko kideak azaldu duenez, hasieratik aurreikusi zuten lortzen zuten dirua "herriko proiektu sozialetarako erabiltzea". Horien artean dago zine zikloa: "Elkarlanean zerbait egiteko aukera ikusi genuen, eta 300 euroko laguntza bat eman diegu, zine soziala lantzeko".
Ibargurenen arabera, eraldaketa soziala bultzatzeko, "beharrezkoa" da pentsatzeko moduan ere eragitea: "Pentsamendu kritikoa sustatzeko kanal bat da kultura, eta horren baitan zinema ere bai". Elkar-ekineko kideak gogorarazi du udan egin zutela Makina Zoriontsuak ikuskizuna, eta ildo horretan jarraituko dutela lanean orain.
Elkar-ekineko kidearen arabera, zine klubak bat egiten du beraien taldeko filosofiarekin. Izan ere, arrazakeria, langabezia eta halako gai sozialak lantzen ditu.
"Tresna hezitzailea"
Zine klubak ere argi du irizpide zinematografikoak zaintzen diren heinean, "tresna hezitzailea" izan daitekeela zinemagintza. "Nahi gabe ere film sozialak eman izan ditugu, baina ziklo hau prestatzerakoan, saiatu gara aurkitzen bete-betean gaiarekin bat egiten dutenak", esan du Maite Azpiazu ordezkariak.
Zikloan jartzeko aukeratu dituzten filmak "aktualitateko gaiak" lantzen dituzte, "gaur egun errodatutako pelikulak ez diren arren". "Zinemak badu eragiteko abantaila bat: ikusi egiten da. Nahiz eta film bat dela jakin, benetan gertatuko balitz bezala sartzen da begietatik, eta horrek zerbait sorrarazten du", azaldu du Gantzarainek.
Egitasmo honekin pelikulak ikusteko eredu bat sustatzea ere nahi dute: "Telebistako urrutiko aginterik gabeko eta mugikorrik gabeko eredu bat sustatu nahi dugu. Beste pertsona batzuen ondoan esertzea; eta, ondoren, haiekin filmaz hitz egitea. Elkarrizketa sinpleak: sentipenak, iritziak... baina giro hori sortzea", adierazi dute.
Zine klubeko kideek zerrenda bat prestatu dute, eta Elkar-ekinekoek aukeratu dituzte gehien gustatu zaizkien filmak. Haien artean dago Denok deitzen gara Ali pelikula, arrazakeriaren gaia lantzen duena. Martxoan emango dute, hain zuzen, Nazioarteko Arrazakeriaren Egunean, eta Elkar-ekinek prestatutako egitarauaren zati izango da filma.
Bonoa salgai
Ikasturtea bukatu arte, bederatzi emanaldi gelditzen zaizkio zine klubari, eta bonoa salgai dutela gogorarazi dute. Sanagustin kulturgunean eta Gazte Informazio bulegoan eros daiteke. Bestalde, azaldu dute herritarren eskaeraz, ordua aldatu dutela 21:30etik 21:00etara.
Filmak
Ziklo soziala
Urtarrilak 28. El Rayo.
Otsailak 25. Rebelle.
Martxoak 17. Denok deitzen gara Ali.
Gainontzeko filmak
Otsailak 11. Mandarinas.
Martxoak 10. Gadhi.
Apirilak 7. Langosta.
Apirilak 21. Ikasturte bukaerako film sorpresa.
Apirilak 24 eta 26. Mendi Tour jaialdiko pelikula irabazleak.