Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta Urola Erdiko Mankomunitatea Lapatx zabortegia bailaratik kanpoko udalerrientzat noiz itxiko den negoziatzen ari dira. Akordiorik lortu ezean, otsailaren 3a jarri zuen azken epe bezala Urola Erdiko Mankomunitateak, azaroaren 3an zuzendaritza batzordean onartuta. Erabaki horren alde bozkatu zuten udalerri guztietako ordezkariek, Beizamakoak izan ezik. Aurrena Beizama Baiko kidea abstenitu egin zen. Gainontzean, EH Bilduk eta EAJk osatzen dute batzordea, eta haiek data horren alde egin zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak jakinarazi duenez, epe hori luzatzeko ari dira hizketan bi erakundeak. Diputazioak azaldu du epea zabalduz gero, "beharrezkoa" litzatekeela Lapatx moldatzea; alegia, "gunea handitzeko lanak" egitea. Obra horiek egiteko baimen guztiak onartuta daudela azaldu dute aldunditik; horretarako, ordea, akordio batera iritsi behar dute.
Urola Erdiko Mankomunitateak %3ko kuota du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan. Halere, Lapatx zabortegia erakunde horrena dela-eta, "negoziatzeko ahalmena" dutela azaldu du Aldundiak.
Lekua "mugatuta"
Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, "teknikoa" da Lapatxen arazoa. Izan ere, edukiera "mugatua" da: "Hainbat urtean Gipuzkoako beste herrietako zaborra jasotzen ari gara, eta ahalmen mugetara iristen ari da zabortegia".
Bereziartuak azaldu du mankomunitateak azaroan eman ziola Lapatx ixteko jarritako dataren berri GHKri, baina urtarrila arte ez dutela jaso erantzunik. Beraz, urtarrilaren 11n jaso zuten data luzatzeko eskaera.
Urola Erdiko Mankomunitateak beste bilera bat egin beharko du otsailaren 3a aurretik, hor erabakiko dute zer erantzun eman GHKri. Bereziartuaren arabera, GHKren eskaerari baietza emanez gero, mankomunitatea osatzen duten udalerriek aukera galduko lukete beraien hondakinak Lapatxera botatzeko, epe luzera. Bestela, ezetz esanez gero, bailarako hondakinak botatzeko lekua izango lukete. Lehendakariak nabarmendu du Urola Erdiko bizilagunak "esfortzu handia" egiten ari direla "urtez luzez", eta erakunde publiko bezala, horri irtenbidea aurkitzen saiatuko direla.
Auzokoen egonezina Elosiaga auzoko bizilagunek hondakinen kudeaketaren inguruko informazio falta zutela jakinarazi zuten abenduan, Uztarria.eus webgunean argitaratutako gutun baten bidez. Lapatxen itxiera datak zehaztu izan zaizkiela esan zuten auzokoek, baina gero agintariek ez dutela "hitza bete".
Bestalde, Azpeitiko Udala "benetako ahalegina" egiten ari dela nabarmendu zuten haiek. Elosiagakoek esan zuten beste herrietakoak "eroso eta lasai" aurkitzen direla, zaborren arazoa "oso urrutitik" ikusten dutelako.