Atzo, asteazkena, etxerik gabeko pertsona bat hil zen Donostian, kutxazain automatiko batean gaua pasatzen ari zela. Gertakari hori tarteko, elkarretaratzea egingo dute larunbatean Azpeitian, 12:00etan, anbulatorio aurrean. Elkar-ekin taldeak deitu du kontzentrazioa, pobrezia salatzeko eta justizia soziala eskatzeko. Elkar-ekinekoen arabera, "bizi garen gizartearen neurria" erakusten du gertaerak.
Elkar-ekinek Oxfam irabazi asmorik gabeko erakundeak kaleratutako txostena ekarriĀ du gogora, eta azaldu du haien datuen arabera, munduko 68 pertsona aberatsenek munduko aberastasunaren erdiaren jabe direla. Elkar-ekineko kideek diotenez, munduan dauden "ezberdintasun sozialak" ondo erakusten dituen datua da: "Gutxi batzuen neurrira egindako sistema ekonomikoa da kapitalismoa, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen duena, gehiengoaren kaltetan. Gosea, miseria eta pobrezia sistema ekonomiko honen ondorioak dira, eta milioika dira gaur gaurkoz egoera horretan diren pertsonak".
Euskal Herrian ere "errealitate gogorra" da pobrezia Elkar-ekinek dioenez, eta ondorio "oso larriak" eragiten ditu: "Atzoko gertaera da horren erakusle. Gertaera hauen aurreko isiltasuna ere aipagarria iruditzen zaigu, nekez ikusi dugulako adierazpen instituzionalik edo antzekorik. Gizarte klasista baten erakusgarria da heriotza hauen ondoko isiltasuna, azkenean, heriotza guztiak ez direla berdinak esatera baitatorkigu isiltasun hori. Eta heriotza guztiak ez badira berdinak, pertsona guztiak ez garelako berdinak izango da, guk ulertzen dugunez".
Elkar-ekinek "beharrezkoa" ikusten du atzoko heriotzaren aurrean "zerbait esatea eta egitea". "Gizarte justu bat lortzeko bidean, beharrezkoa ikusten dugu antzeko egoeran dauden pertsonekiko elkartasuna antolatzea, baina elkartasuna ez dugu ulertzen gizartea bera aldatzeko logika baten barruan ez bada. Justizia sozialaren aldeko lana beharrezkoa dela uste dugu, eta herritarrok paper garrantzitsua dugu lan horretan", azaldu dute.