‘Desentxufatuak’, Soreasun

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 21a

Mikel Martinez eta Patxo Telleriak ‘Desentxufatuak’ antzezlana aurkeztuko dute bihar, Azpeitian. Umorea lantzea eta jendeak ondo pasatzea da obraren helburua.

Mikel Martinez eta Patxo Telleria oholtza gainean. (Guillermo Casas) Herriz herriz aurkeztu dute Mikel Martinez eta Patxo Telleriak Desentxufatuak antzezlana. Ondo ezagutzen dute elkar bi aktoreek, hogei urte pasa daramatzate-eta elkarrekin oholtzaren gainean. Hain justu, aspaldiko adiskidetasun horri keinu eginez sortu zuten duela urtebete inguru Desentxufatuak. "Antzezlana bi euskara ikasleren inguruko istorioa da, beraiek esaten duten bezala munduko euskaldunberririk zaharrenak dira, berrogei urte daramatzate euskaltegian eta zailtasunak dituzte oraindik orain". Testuinguru horretan igoko dira oholtzara bi lagunak, Patxo Telleriak azaldu duenez. Orain arte elkarrekin egindako lanen bilduma da antzezlan hau: "Kalitatea frogatuta zuten esketxak bildu eta koherentzia bat emanez denak batera eskaintzea erabaki genuen, nahiko formatu txikian, aparatu handirik gabe". Laneko testuaren sortzailea ere bada Telleria. Obraren helburu nagusia barre egitea dela dio aktoreak. "Guk era askotako antzerki lanak egiten ditugu. Batzuetan serio jartzen gara, beste batzuetan, nahiz eta komedia egin, sakontasuna ematen saiatzen gara. Kasu honetan publikoa dibertitzea da gure helburu nagusia". Azpeitiko Soreasu antzokian aurkeztuko dute bihar bi aktoreek Desentxufatuak antzezlana. Umorearekin hitzordua 22:00etan hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide