Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bilgune Feministako kideek esan dutenez, taldearen jarduna etetearen arrazoia "taldearen eta ekimenen eraberritzearen aldeko apustua" egin izana da. Bilgune Feministako kideek uste dute "parekidetasunaren alde egindako bideak jarraipena" izango duela.
Azpeitiko Bilgune Feministak aldi baterako jarduna etetea erabaki du. Hala jakinarazi dute bilguneko kideek gaur, osteguna, ohar bidez: "Beharrezkoa ikusi dugu aldi baterako gure jarduna etetea, eta herri honetan balore feministak sustatzearen ardura beste norbanako eta eragileetara zabaltzea eta eraberritzea; gaur egun euren burua feministatzat duten herritar askok eta, ondorioz, hainbat eragilek". Hori horrela izanik, Bilgune Feministako kideek uste dute "parekidetasunaren alde egindako bideak jarraipena" izango duela.
Bilgune Feministako kideek esan dutenez, taldearen jarduna etetearen arrazoia "taldearen eta ekimenen eraberritzearen aldeko apustua" egin izana da: "Mugimendu feministaren parte izateak konpromisoa eta lana eskatzen du, baina harreman berriak eraikitzeko, elkarrekin pentsatzeko, ikasteko, sentitzeko, borrokatzeko eta gozatzeko aukera paregabe da".
Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an sortu zen, eta ordutik Azpeitia "parekideago eta justuagoaren alde lanean gogoz" aritu direlaesan dute eragileko kideek: "Balore feministetan oinarritutako herri bihurtzeko ahaleginean norbanakoengan eragiteaz gain, antolakunde, elkarte eta instituzioetan ere gure alea uzten saiatu gara. Lantegi horretan, mugimendu feministak historia luzea eta emankorra du herrian".
Azpeitiko Bilgune Feministako kideek azaldu dutenez, Euskal Herriko Bilgune Feministaren parte izaten jarraituko dute. "Eremu batean edo bestean lanean ariko gara, hori baita jendarte parekideagoa eta justuagoa lortzeko gure proiektu politikoa", esan dute. Herrian ere, "maila pertsonalean", ekarpenak egiten jarraituko dutela argitu dute: "Guretzat feminismoa bizitzeko modu bat da; bizitza ikusi, ulertu, sentitu eta borrokatzeko modua, gure bizitza errazago egiten lagundu diguna, eta bizitza osoan zehar luzatuko duguna". Horren karietara, feminismoaren aldarrikapen historikoa "pertsonala politikoa da" dela azaldu dute, "maila pertsonalean egiten denak ondorio politikoak dituela" zehaztuz. Dena den, maila pertsonalean aritzeaz gain, kolektiboan jarduteak duen "garrantzia" ere azpimarratu dute Azpeitiko bilguneko kideek: "Jendartea eraldatzeko arlo pertsonala beharrezkoa izan arren, borroka kolektiboa ezinbestekoa da".
Azpeitiko bilguneko kideek eskerrak eman dizkiete orain artean "bidelagun" izan dituzten pertsonei eta herri mugimenduko eragileei, eta laguntza luzatu diete "orain arte egindako bideari heltzeko eta herri feminista baten alde lanean aritzeko prest" dauden taldeei.