(E. Albizu Lizaso)
San Sebastian eguneko karroza egin du aurten Naiara Larrañagak. Bigarren aldiz diseinatu eta prestatu du umeen danborradako karroza; izan ere, Oihane Larrañagarekin egin zuen Imanol Eliasen inguruko lana, 2014an. Aurtengoa "oso berezia" izan da, ordea, Larrañagak bere aitonaren inguruko lana egin duelako, Inazio Agirre Ederti zenarena. Hain zuzen, sansebastianetako karrozak egiteagatik da ezaguna Ederti. 37 egin ditu. 2014ko azaroan hil zen. "Berezia da, batetik, bakarkako lana izan delako lehen aldiz; baina, berezi, gure aitonari eginiko omenaldi bat izango delako", adierazi du karrozaren egileak.
Ez da erraza izan karroza egitea azpeitiarrarentzat: "Herritarrek era batera ezagutzen zuten gure aitona; nik, berriz, beste modu batera. Zailtasunak izan ditut bera nor zen islatzeko, jendeak ulertzeko moduan. Bestalde, ikusten dut nik besteek baino ideia eta erregistro gehiago ditudala, gure aitona zelako".
"Gustura" dago Larrañaga "aitonarentzat eginiko lanarekin". Ederti karrozetatik soilik ezagutzen dutela azaldu du bilobak, eta berak ikuspuntu osoagoa eman nahi izan dio lanari: "Ikusi nuen proiektu eta aukera polita zela azpeitiarrek gure aitonaren beste arlo batzuk ezagutzeko". Marrazketa, diseinua, arotz lanak eta abar egiten zituen Edertik, Larrañagaren arabera. Horrez gain, abesbatzan kantatzen zuen txiki-txikitatik. "Bere ibilbidea batu, eta fusio bat egin nahi izan dut, jendeak beste era batera ere gogora dezan", nabarmendu du.
Hiru aste igaro zituen proiektua egiten, eta "nahiko larri" ibili dela esan du: "Dirudiena baino zailagoa da, eta aurrekontua ere nahiko mugatua da. Kanpotik ez du ematen, baina ordu asko eta material ugari behar da". Arropak, esate baterako, berrerabili egin ditu Larrañagak, eta aurreko urteetako jantziekin egin ditu berriak.
Bien arteko zerbait
Ez zaio gehiegi axola Larrañagari zer esango ote duen jendeak karroza ikustean: "Beti nahi duzu guztiei gustatzea, baina aitona eta nire arteko zerbait da, eta neu asebeteta sentitzen naiz". Etxean "zerbait" erakutsi duela esan du Larrañagak, baina bere modura egin du lan. "Halere, amak denbora asko pasatu du aitarekin, batera egiten zuten lana, eta berak lagundu dit beste ikuspuntu bat txertatzen", azaldu du.
Asteazkenean, goiz-goizetik hasiko da lanean karrozaren egilea. 08:00etarako joango da Karrozan irtengo duten haurrekin ileapaindegira, eta haiekin igaroko du goiza: "Pintxo batzuk jan, eta prestatzen hasiko gara". Behin danborrada abiatutakoan, Larrañagari gustatzen zaio karroza kale desberdinetatik pasatzen ikustea, "ikuspuntu guztiak ezagutzeko". Ondoan izango du amona ere, Edertiren alarguna.