153 lagunetik gora bildu ziren larunbatean Azpeitiko Soreasu antzokian, herri galdeketari babesa eman eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko. (Alex Berasategi)
Independetziaren inguruko herri galdeketa egin nahi dute Azpeitian, ekainaren 12an. 153 lagun batu ziren larunbatean Soreasu antzokian, herri galdeketa babestu eta ekimenaren berri emateko. Galdeketa aurrera eramateko Hitzartu talde eragilea sortu dute, hamabost lagunez osatuta. Orain, eta martxoaren erdia bitartean, 1.500 herritarren sinadura biltzea dute helburu, Azpeitiko biztanleen %10 baino gehiago litzatekeena, hain justu. 2015eko erroldaren arabera 14.822 biztanle ditu Azpeitiak, eta independentziaz galdetuko duen 10.000 biztanletik gorako lehen herria da, aurrenekoa Gipuzkoan. Behin urrats hori lortuta, herri galdeketa antolatuko dute, ekainaren 12rako.
1.500 sinadurak biltzen hasi dira jada. Bihar, San Sebastian egunez ere herriko txoko ezberdinetan egongo dira. Elkarteko kideen arabera, "herritarrei azalpenak ematen eta sinadurak biltzen" jardungo dute: "Goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzean aurkituko gaituzue; plazan, Plaza Txikian, Olazko Amaren plazan edo Perez Arregin".
Behin jaiak pasatuta, Gure Esku Dagoren lokala irekiko du Hitzartuk —Foru Ibilbidea 7an—, nahi duenak han jaso dezan informazioa edo sinatu dezan. Honakoa da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, eta astearte eta larunbatetan, 10:30etik 12:30era.
Euskal estatuaz galdera
Herri galdeketa egunean honakoa litzateke Hitzartuk adostutako galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Erantzun posibleak: "Bai" ala "Ez".
Ekainaren 12an Azpeitian erroldatutako eta 16 urte edo gehiago dituzten herritarrek parte hartu ahal izango dute. Larunbatean argi esan zuten Hitzartuko bozeramaileek: "Bozketa eguna erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia izatea nahi dugu". Izan ere, emaitza baino herritarren parte-hartze handia lortzea da talde eragilearen helburu nagusia.
Babes anitza
Herri galdeketaren aldeko mugimendua anitza eta parte hartzailea izatea nahi du Hitzartuk. Horren adibide da larunbateko ekitaldian bildutako herritarren argazkia. Soreasun zeuden, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatea, Iñaki Errazkin alkate ohia, EH Bilduko Aitor Bereziartua zinegotzia, Aitor Gorrotxategi EAJko udal taldeko bozeramailea, EAJko Xanti Gurrutxaga zinegotzia eta Jose Urbistondo zinegotzi ohia eta herriko kultur, kirol eta herri mugimenduetako hainbat eragile eta norbanako.
Ekitaldiaren hasieran gogoratu zuten hiru urte beteko direla laster Gure Esku Dago herri ekimena sortu zela. Hitzartuko kideek argi azaldu zuten larunbatean: "Uste dugu, subiranotasun edo herri antolaketa auziak bezalakoak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte-hartzean sakonduz bideratu beharko lirateke, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez".
Eskualde osora begira, erritmo propioa ari da izaten Gure Esku Dago ekimena. Hilaren 29an, esaterako, Zumaiako taldearekin bilduko dira Hitzartukoak, galdeketaren prozesua nola abiatu duten azaltzeko.
HERRI GALDEKETAK
Orain arte egindakoak
Etxarri Aranatz (Nafarroa). 2014ko apirilean egin zuten. %42,7k hartu zuen parte galdeketan eta %94k baietz bozkatu zuen.
Arrankudiaga (Bizkaia). 2014ko azaroa, %61,5eko parte hartzea, %89k baiezkoaren alde egin zuen.
Datozenak
Azpeitia. Martxora bitartean 1.500 sinadura batu ostean, ekainaren 12an bozkatuko dute.
Goierri eskualdeko 22 herritan (Gipuzkoa). Ekainaren 19an egingo dituzte herri galdeketak.
Dima (Bizkaia). Ekainaren 19an.
Ispaster (Bizkaia). Ez dute jakinarazi noiz egingo duten herri galdeketa.
Begoña Garmendia (Ana Abarisketa)
Begoña Garmendia (Hitzartu lantaldeko kidea): "Espainiako legediak bat etorri behar du nazioartekoarekin"
Zuzenbidean lizentziatua da Begoña Garmendia beizamarra. 2008ra arte abokatu gisa aritu zen lanean, eta azken urteetan estatu mailako funtzionarioa da. Udal idazkaria izan da Errezilgo eta Usurbilgo udaletan. Gaur egun Azkoitiko udal idazkaria da, baita Hitzartu talde eragileko kidea ere.
Legeak uzten al dio lekurik erabakitzeko eskubideari?
Erabakitzeko eskubidea lantzeko orduan oinarria da herri izaera izatea. Herri bat izatea da kultura propioa izatea, hizkuntza eta kontzientzia edukitzea, gauza askok markatzen dute herri izaera. Gu herri bat garenez subjektu politikoa gara. Ondorioz, subjektu politikoa izateagatik nazioarteko legeak dio erabakitzeko eskubidea dugula. Horregatik honakoak izan ziren larunbatean esan genituen lehen hitzak: herri bat gara, eta erabakitzeko eskubidea dugu.
Espainiako legea interpretatzeko ezin dugu alde batera utzi nazioarteko legedia. Zentzu horretan, Espainiako estatuaren legediak bat etorri behar du nazioarteko legediarekin. Esan beharrra dago, beraz, momentu honetan toki askotan egiten ari den legearen interpretazioa ez datorrela bat nazioarteko zuzenbidearekin.
Nazioarteko legediak, beraz, errespetatzen du herri baten erabakitzeko eskubidea?
Oinarrizko eskubide gisa onartzen du gainera. XX. mendeko historia aztertuko bagenu, ikusiko genuke erabakitzeko edo autodeterminazio eskubidea eta nazioen arteko lankidetzako erakundeen sorrera eskutik joan direla, adibidez, ezingo litzatekeela ulertu Nazio Batuen Erakundearen sorrera herrien erabakitzeko eskubidearen aitormenik gabe. Nazio Batuen 1945eko gutuna printzipio horretan oinarritu zen, hain justu.
Kataluniaren kasuan askotan esaten dute Nazio Batuen batzarrak herri kolonizatuei bakarrik onartzen dien eskubidea dela. Hori ez da horrela, hala ere.
Azal dezakezu?
Nazioarteko legediak herri guztiei onartzen die erabakitzeko eskubidea, baita horren formulazio politikoa den autodeterminazio eskubidea ere, oinarrizko eskubide gisa. Horren adierazle da, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 1966an onartutako ebazpena, Eskubide Zibil eta Politikoen Itun Internazionalak onartua. Itun hori 1976an sartu zen indarrean eta Espainiako estatuak 1977ko uztailaren 27an berretsi zuen.
Bozkatzeaz ari gara, beraz.
Erabakitzeko eskubideak definitzen du nolako antolakuntza politiko mota izan nahi duen, zer instituzio izan nahi dituen eta zer eratako garapen ekonomiko edo sozial izan nahi duen. Hori guztia da erabakitzeko askatasuna izatea edota erabakitzeko eskubidea izatea.
Herri galdeketa egiteko 1.500 sinadura bildu nahi ditu Hitzartuk martxoaren erdia bitartean. Zergatik?
Biztanleriaren artean erabakitzeko eskubidearen inguruan interes bat badela adierazteko abiapuntua izango dira 1.500 sinadura horiek guztiak. Kezka hori gizartean barneratuta dago, eta horren islada da 1.500 pertsona beraien iritzia emateko gogoz daudela erakustea.
Sinadura bilketak ez dio zilegitasun juridikorik ematen galdeketari, beraz.
Herri galdeketen kasuan muga jartzen duten hainbat ordenantza daude, udalek antolatzen dituzten herri galdeketak dira horiek. Parekotasun edo berdintasun printzipioa aplikatuz hartu dugun erabakia da. Ikusi dugu, gainera, biztanleriaren %10aren babesa lortzea dela udal ordenantza askotan planteatzen den kopurua, hain zuzen. Hala eta guztiz ere, datu hori erreferentzia gisa hartu dugu, beste kasu batzuetan ere holako portzentajeak erabiltzen direlako. Hitzartu elkarte bat da, eta ez erakunde publiko bat.
Ekainaren 12ko herri galdeketa legezkoa izango al da?
Eztabaida asko dago horren inguruan. Legitimoa da, inolako zalantzarik gabe, herritarrei galdetzea zilegia eta legezkoa den bezalaxe. Espainiako estatuaren kasuan, ez du zertan egon behar Konstituzioaren interpretazio bakarrak. Egia da, alde batetik, burujabetza Espainiako herriari onartzen zaiola, baino, bestaldetik, Espainiako Konstituzioaren 23. artikuluak oinarrizko eskubide gisa aitortzen du parte-hartze politikoa. Ondorioz, artikulu horren babesean egiten dugu egin nahi dugun herri galdeketa.
Balio berdina al dute, marko juridikoaren barruan, herri ekimenetik sortutako mugimendu batek edo instituzioetatik antolatutakoak?
Guri gustatuko litzaiguke instituzioek egitea eta sustatzea horrelako herri galdeketa bat, inolako zalantzarik gabe. Era berean, kontziente gara momentu honetan zer-nolako trabak dauden. Hala eta guztiz ere, esan dezaket saiatuko garela ahalik eta protokolo garbiena izaten. Berme guztiekin sustatuko dugun ekimena izango da.
Behin ekainaren 12ko herri galdeketa egin ostean, zeintzuk lirateke Hitzarturen hurrengo urratsak?
Oraindik ez dugu halakorik planteatu. Guk nahi duguna da galdeketa hori egiteko bidea egin ahal izatea. Gero eztabaidatu eta aztertuko ditugu hurrengo zereginak.
Laxaro Azkune (Ana Abarisketa)
Laxaro Azkune (Hitzartu lantaldeko kidea): "Parte-hartzea da egitasmo honen oinarria, ez emaitza"
Laxaro Azkune azpeitiarrak kazetaritzari eskaini dio bizitzako zati handi bat. Loiola Irratian egin zuen lan urte luzez eta Azpeitiko kontuak landuz liburuak ere argitaratu ditu. Hitzartuko lantaldeko kide ere bada orain.
Zeintzuk osatzen duzue Hitzartu?
Sentsibilitate desberdineko hamabost lagun gaude taldean. Adin tartea ere handia da; izan ere, kide gazteenek 17 urte dituzte, eta helduenek 70 urtetik gertu. Sexua, zaletasunak, ingurua... ere kontuan izan dira.
Nola sortu zen taldea?
Urriko azken asteburuan batzar irekia egin zuen Gure Esku Dagok Azpeitian, bertan eztabaidatu genuen une egokia ote zen herrian galdeketa bat egiteko. Erantzuna baiezkoa izan zen, eta hori izan zen abiapuntua Hitzartu sortzeko. Azaroan hasi ginen biltzen, eta ordutik bilera mordoa egin dugu.
Bozkatuko duen Gipuzkoako aurreneko herria izango da Azpeitia. Kasualitatea dela uste duzu?
Taldean erabaki genuen ekainaren 12an egitea galdeketa, egutegiari begiratuta egunik egokiena zela ikusten genuen. Kasualitatea da Gipuzkoako aurreneko herria izatea Azpeitia, ez genion hainbesteko garrantziarik eman horri. Egia da, Azpeitian galdeketa egin eta astebetera egingo dituztela herri galdeketak Goierrin, eta nahiko genuke herritarrak pizteko balio izatea.
Erabakitzeko eskubidea inoiz baino gertuago ikusten al duzu?
Galdera horri erantzutea zaila da, baina oraingoz badakigu Gure Esku Dago egitasmoak 2018a bitartean herri galdeketak sustatuko dituela eremuz eremu. Beraz, hori bada modu bat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko.
Zeintzuk dira Hitzarturen hurrengo urratsak?
Behin taldea aurkeztuta, 1.500 sinadura biltzea da hurrengo urratsa, horrek zilegitasuna emango dio gure proposamenari. Parte-hartzea da egitasmo honen oinarria, ez emaitza. Horretarako, herritarren jarrera piztu nahi dugu lehen urratsetik, sinadura bilketatik.
Etxarrin eta Arrankudiagan egin dituzte herri galdeketak. Zer ikasi duzue?
Aitzindariak izan direnez, beraien urratsak ikusi ditugu, baina uste dugu herri bakoitzak bere bidea egin behar duela, herritarren hitzari, nahiari eta erritmoari jarraiki. Aztergai izan ditugu beste herrietako prozesuak, baina geure erara egitea erabaki dugu.
Azpeitiar guztiei elkarlanean erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko deia egin diezue aurkezpenean.
Halaxe da, uste dugu erabakitzeko eskubideak jarrera aktiboa izatea eskatzen duela. Herritarren parte-hartzea behar dugu, iritzi guztiak errespetatuz eta herritarren nahian oinarrituz. Herriko talde batzuk ari dira dagoeneko erabakitzeko eskubidearen alde beraien alea jartzen, eta ekitaldiak antolatzen.