Hitzartu elkartea
Azpeitiko Hitzartu elkarteko kideek sinadura bilketa egingo dute asteazkenean, San Sebastian egunean, han eta hemen, egun osoz. Elkarteko kideen arabera, "herritarrei azalpenak ematen eta sinadurak biltzen" jardungo dute: "Goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzean aurkituko gaituzue; plazan, plaza txikian, Olazko Amaren plazan edo Perez Arregin". Haien hitzetan, "erabakitzeko eskubidearen aldeko" sinadura izango da, elkarteak herri galdeketa antola dezan behar duena. Izan ere,
larunbateko aurkezpenean esan bezala, 1.500 sinadura bildu behar ditu Hitzartuk martxoaren erdia bitartean, Azpeitian herri galdeketa gauza dezaten.
Larunbatean aurkeztu zuen Hitzartu elkarteak Azpeitian independentziaren inguruko herri-galdeketa egiteko data: ekainaren 12a.
Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar? da galdera. Erantzuna, berriz,
Bai edo
Ez izango da.
"Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera" igarotzea da Hitzarturen xedea, eskubide hori "herritar guztien topaleku" dela sinetsita. Talde politikoez harago, elkarteak uste du "herritarren unea dela", denen artean erabakiak hartzekoa. Egitasmoaren helburua "parte-hartzea" dela nabarmendu dute kideek, eta ez emaitza. Parte-hartze hori sustatzeko, beraz, sinadura bilketa izango da lehen urratsa. Honela azaldu du elkarteak: "Hitzarturen erronka 1.500 sinadura biltzea da, herri-galdeketari zilegitasuna emateko eta herritarren parte-hartzea itzartzeko. Azpeitian erroldatutako pertsonen %10 dira 1.5000 sinadura, eta horren bila goaz".
Ondoren, Gure Esku Dagoren lokalean
Behin jaiak pasatuta, Gure Esku Dagoren lokala irekiko du Hitzartuk –Foru Ibilbidea 7an–, nahi duenak bertan jaso dezan informazioa, eta sinadura eman dezan. Honakoa da ordutegia:
- Astelehenetik ostiralera: 17:30etik 19:30era.
- Astearte eta zapatuetan: 10:30etik 12:30era.
Horrez gain, kale-irteerak ere egingo dituzte Hitzartuko kideek hemendik aurrera. Herriko kale eta auzoetan izango dira. Data horien berri emango dute aurrerantzean.