Ekainaren 12an independentziari buruz herri galdeketa egin nahi dute Azpeitian

Ana Abarisketa 2016ko urtarrilaren 16a

Martxoaren erdira bitartean 1.500 sinaduratik gora bildu nahi dituzte, Azpeitiko biztanleen %10a baino gehiagoren babesa lortu nahi dute.

130 lagunetik gora bildu dira Azpeitiko Soreasu antzokian herri galdeketa babesteko. (Alex Berasategi) Azpeitian jarri dute independentziari buruz herri galdeketa egiteko data, ekainaren 12a. Gaur, larunbata, agerraldia egin dute Soreasun, 130 lagun baino gehiago bilduz. Herri galdeketa aurrera eramateko Hitzartu talde eragilea sortu dute, hamabost lagunez osatuta. Orain, eta martxoaren erdia bitartean, 1.500 herritarren sinadurak biltzea dute helburu, Azpeitiko biztanleen %10a baino gehiago, hain justu. Behin urrats hori lortuta, herri galdeketa antolatuko dute, ekainaren 12rako. Herri galdeketa egunean  honakoa litzateke Hitzartuk adostutako galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar?". Erantzun posibleak: "Bai" ala "Ez". Ekainaren 12an Azpeitian erroldatutako eta 16 urte edo gehiago dituzten herritarrek parte-hartu ahal izango dute. Bozkaketa eguna erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia izatea nahi dute. Izan ere, emaitza baino herritarren parte-hartze handia lortu nahi dute.

Galdeketaren aldeko kanpaina

Aurrerantzean herri galdeketaren aldeko kanpaina egingo du talde eragileak, antolaketa lanean azpeitiarren parte-hartzea sustatuz eta lan talde irekietan lan eginez. Bide horretan lagundu nahi dutenek hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzi dezakete edo Azpeitiko Gure Esku Dago-ren lokalera azaldu, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era eta astearte eta zapatuetan 10:30etik 12:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide