Azpeitiko Udalak Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua indartu du

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 14a

Plax! zerbitzua "profesionala, integrala eta doakoa" dela esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, eta gogorarazi dute "edonorentzat eta edozein momentutarako" sortua dela.

(E. Albizu Lizaso) Azpeitiko Udalak indartu egin du Plax! bikote eta sexu aholkularitza. Hilean hiru orduko zerbitzua eskaini dute orain artean; eta 2016arekin batera, bikoiztu egin dituzte ordu horiek. Hilean asteazken arratsalde eta larunbat goiz batean eskainiko dute aholkularitza, eta gogorarazi dute guztientzat irekia eta doan dela. Eneko Etxeberria alkateak esan du Azpeitiko Udalak zerbitzuaren alde apustu egiten jarraituko duela: "Beharrezkoa ikusten dugu sexu eskubidearekin lotutako beharrak zerbitzu publikoetatik bermatzea". Gainera, nabarmendu du arreta "profesionala, integrala eta doakoa" dela Plax. Alkatearen hitzetan, bi jarrera har daitezke sexuarekin lotutako gaietan: "Beste aldera begiratu daiteke, edo arazoari heldu". Udalak arazoei, zalantzei edo jakin-minari erantzuna ematea aukeratu duela esan du Etxeberriak.

Jarraipen zorrotza

Edurne Mendizabal Arremanitzeko kideak esan du zerbitzua doakoa den arren, jarraipen eta arreta "zorrotza" eskaintzen dituztela. "Gogorarazi nahi dugu edonorentzat eta edozer momentutarako sortutako zerbitzua dela", nabarmendu du. 2014ko ekainean hasi ziren Plax zerbitzuarekin, eta harrera ona izan duela jakinarazi du Mendizabalek. Halere, erraztasunak jarri nahi izan dituzte zerbitzua aprobetxatu nahi dutenentzat; esate baterako, telefono zenbakia jarri dute, "edozein unetan" beraiekin harremanten jartzeko. Honakoa da zenbakia: 688 89 79 20. Arremanitzako kideak azaldu du "balorazio ona" jaso dutela, eta herritarrek esan dietela "ingurua aldatzeko" tresna egokia izan dela. 20 eta 60 urte bitarteko herritarrak joan zaizkiela azaldu du Mendizabalek; gehien bat, 35 eta 45 urte bitartekoak. Orain artean, larunbat arratsaldez eskaintzen zuten zerbitzua, eta askotan itxaron zerrendak izaten zituztela-eta erabaki dute ordu kopurua bikoiztea. Elkarlanari ere garrantzia eman dio Mendizabalek, eta Osakidetzarekin eta Uztarria Komunikazio Taldearekin duten harremana aipatu ditu. Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko langileak esan du osasun eskubideak "irekia eta profesionala" behar duela izan, "bizitzaren fase guztiak" kontuan hartzen dituena, eta hala kokatu du Plax zerbitzua. Elkarlanean, "kalitateko zerbitzua eskaintzeko helburua" dutela esan du, "sexualitatea eta arriskua" banatzeko. Errastiren arabera, medikuak ere erosoago sentitzen dira orain, bestelako profesionalekin lana eginez. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak nabarmendu du "lanketa handia" egin dela Azpeitian sexualitatearen inguruan, eta horrela jarraituko dutela. Izan ere, sexismoak "indar handia" du gaur egun, haren arabera; eta "harreman erotikoen inguruan" eraikitakoak dira familia eta erlazio asko. "Aukera berriak edo zailtasunak" partekatzeko gunea izan daiteke Plax, herritarrek jakin dezaten aukera dutela "plazerra bizi eta partekatzeko": banaka, bikotearekin, sexu desberdiko kide batekin edo sexu berekoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide