(E. Albizu Lizaso)
Uztarria Komunikazio Taldearen azken liburuxka biografikoa idatzi duzu. Gogoz heldu zenion lanari?
Uztarriakoek liburuxka idaztea eskaini zidatenean, sorpresa hartu nuen. Asko eskertzen diet nirekin pentsatu izana. Jose Luis Frantzesena Schubert proposatu zidaten, eta gustatu zitzaidan ideia. Arduraz hartu nuen lana, txukun egin nahi nuelako. Gogoarekin hasi nintzen, eta gogoarekin bukatu dut.
Liburuxka idatzi aurretik ezagutzen zenuen Schubert?
Gure belaunaldiko gazte guztioi tokatu zaigu danborradako entseguetan bera ezagutzea. Guretzat errieta egiten zigun zuzendaria zen. Hortik aurrera, ez nuen ezagutzen gehiegi.
Orain baduzu haren berri. Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Elkarrizketatuek esan didate oso langilea eta umila dela. Lan ikaragarria egin du musikaren munduan, eta gogo handiarekin jardun da horretan. Benetan bizi du musika. Oraindik gerra asko ematen jarraituko du; berak esaten du lasai hartu nahi duela bizitza hemendik aurrera, baina organo eskola hor dauka, eta zaila ikusten dut Frantzesena musikarengandik urruntzea. Zuzendari bezala jardun ez arren, beti izango da musikaria.
Lehen aldia da halako liburu bat idazten duzula. Zer moduzkoa da esperientzia?
Ona, asko ikasi dut, eta belaunaldi desberdinetako herritarrekin egoteko aukera izan dut. Haien artean nabarmendu nahi dut Schuberten emaztea: oso urduri etorri zen lehen aldian elkarrizketara, baina gero gustura aritu ginen hizketan, eta tratu polita egin dugu. Bi hilabete eta erdi pasatu ditut honetan, eta aberasgarria izan da. Agian, esan nahi nuen guztia laburtu eta hitzez azaltzea kostatu zait gehien.
Konposatzaile, organista eta bandako zuzendari bezala ikusten dute askok Schubert.
Hori baino gehiago da. Organo eskola du, eta Euskal Herrian lehenengotakoa izan zen halako eskola bat jartzen. Bestalde, gazteei organoaren tradizioa erakusteko lan egin du. Abesbatzako sortzailetakoa ere bada.
Musikaz gain, zer du maite Schubertek?
Bere bizitza musika da. Behin eta berriz galdetu diot hori, baina bizitza, ofizio eta afizio du musika. Edozer gauza galdetzen niola ere, musikarekin lotzen zuen hark. Soldadutza egitera joan, eta abesbatza sortu zuen.
Liburuaren protagonistarekin horrenbeste aldiz hitz egin ostean, zer ikusi diozu berria?
Ez da jakitun musikarengatik egin duen guztiaz. Gauza ederrak egin ditu, eta sinpletasun osoarekin ikusten ditu lan handia eskatu dieten obrak.
Zergatik irakurri behar dute liburuxka azpeitiarrek?
Lan handia egin du, merezi du hura ezagutzea. Ez da edozein pertsona, eta garrantzitsua iruditzen zait jendeak hori jakitea.