Azpeitiko Udalak autobusen ibilbide eta ordutegi aldaketak "bertan behera uzteko" eskatuko dio Aldundiari

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 13a

Udalak azaldu duenez, "herritar ugari kexak eta ardurak azaltzera" joan da gaur goizean udaletxera; eta, "herritarren interes orokorrak defendatzeko ahal duen guztia" egiten segituko duela esan du erakundeak.

Donostiako autobus geltoki berria dela eta, urtarrilaren 16tik aurrera, Azpeitia eta Donostia lotzen dituen autobus zerbitzuaren ordutegiak eta ibilbidea aldatuko direla hedabideen bidez jakin duela adierazi du Azpeitiko Udalak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak, garraio publikoaren eskumena duen erakundeak, abian jarriko diren aldaketa eta neurrien  inguruan ez dio inolako kontsulta eta jakinarazpen ofizialik egin Udalari", esan dute. Aldaketa horien aurrean, gaur goizean, "herritar ugari kexak eta ardurak azaltzera" joan dela udaletxera jakinarazi dute. Hori dela-eta, Udalak esan du, "herritarren interes orokorrak defendatzeko ahal duen guztia" egiten segituko duela. Era berean, datozen egunetan, aldundiari "hartutako erabakien inguruko arrazoi eta xehetasunak" eskatuko dizkiola eta "autobus geltokiaren aldaketak bertan behera uztea" galdegingo diola ere adierazi du. Bestalde, "aldaketak jasan dituzten linea zeharkatzen duten herrietako alkateekin" harremanetan jarriko da Azpeitiko Udala, "eskualde osoko herritarrei eragiten baitiete neurri horiek". Udalaren aburuz, "aldundiaren eskumena eta ardura" da Gipuzkoako garraio publikoaren kudeaketa, eta "herritarren beharretara egokitzeko eta hobetzeko" parte-hartze prozesu irekia egin zuen aldundiak aurreko agintaldian. Prozesuaren bidez, eta Udalaren arabera, ordura arteko eskaintza "egokitu eta hobetu zen Gipuzkoa osoan". Azpeitiko Udalak esan du "azken urteotan eskualdeko beste alkateekin elkarlanean mugikortasun ohiturak aldatu eta zerbitzu publikoa hobetzea lortzeko" pauso ugari eman dituela.

Sinadura bilketa

Donostiako geltokien murrizketak ezinegona eragin du erabiltzaileen artean. Atzo, esaterako, gutuna plazaratu zuen Begoña Elias azpeitiarrak. Gaur, berriz, autobusaren erabiltzaile zestoar batek plataforman sinadura bilketa jarri du abian Change.org webgunean eta dagoeneko ia mila atxikimendu bildu ditu La Guipuzcoanako autobusek Amarako geltokian geldialdi teknikoa egiteko eskaerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide