Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko diru-partidarik ez du sartu aldundiak 2016ko aurrekontuetan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urt. 12a, 12:49

Ez dute zehaztu partida gehigarri bat jarriko duten urtean zehar edo 2017rako utziko ote duten proiektua. Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren artean ziren egitekoak lanak.

Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko diru-partida ez du sartu Gipuzkoako Aldundiak 2016ko aurrekontuetan, erakundeko Bide eta Azpiegitura sailak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez. Joan den agintaldiko foru gobernuak eta Azpeitiko Udalak hitzartu zuten obrak bi erakundeen artean egitea -partidaren %25 jarri behar zuen udalak, eta gainontzekoa, aldundiak-, eta 2015eko abenduan ziren bidegorriarekin lanean hastekoak. Hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, eta ibilbidea zehaztu zuen aldundiak. Dena dela, abenduaren 23an onartu zituzten 2016ko aurrekontuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin, eta erabaki dute oraingoz ez dituztela finantzatuko lanak. Aldundiak azaldu duenez, beraien helburua bidegorria egitea da, eta "ahalik eta azkarren egitea". Halere, haien arabera, ez dute aukera izan 2016ko aurrekontuarekin hori ordaintzeko, "beste lehentasun batzuk" tarteko. Oraindik ez dakite horretarako partida gehigarria jarriko duten urtean zehar edo datorren urteko aurrekontuetarako utziko duten obra.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide