Gizon bat atxilotu dute joan den astean beste gizon bat labanaz zauritzeagatik

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 11

Joan den ostiralean atxilotu zuten 33 urteko gizona, hilketa saiakera leporatuta. Ertzaintzak zabalik du ikerketa, liskarrean parte hartu zuten beste bi lagunen bila ari baita.

Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean, joan den astean labanaz gizon bat zauritzea leporatuta. Ostegunean, 22:30ak inguruan, jazo zen gertakaria Azpeitiko Iñaki Azpiazu kalean. Hainbat anbulantzia eta Ertzaintzaren auto bertaratu ziren gertakariaren tokira, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, zauritutako gizonak labankada zuen sabel inguruan. Hori dela-eta, eta zauriaren "larritasuna" tarteko, Donostiako ospitalera eraman zuten labankada jaso zuen gizona. Ertzaintza bertaratzerako alde eginda zeuden liskarrean parte hartu zuten eta gizona zauritu zuten pertsonak, eta ikerketa zabaldu zuen gau hartan bertan. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, zauritutako gizonak liskarra beste hiru lagunekin izan zuen. Horietako bat atxilotu zuten ertzainek joan den ostiralean hilketa saiakera leporatuta, eta Ertzaintzak esan duenez, aurrekari penalak ditu ustezko erasotzaileak. Ikerketa zabalik dago oraindik ere, eta Ertzaintza liskarrean parte hartu zuten beste bi lagunak identifikatu nahian ari da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide