Emakumeentzat korrika eta pilota saioak antolatu ditu Azpeitiko Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 8a

'Zuk ere ahal duzu!' eta 'Zu pilotari' egitasmoetan izena eman daiteke dagoeneko, kiroldegian, igerilekuan edo Emakumeen Txokoan.

Beobide, Elduaien, Badiola, Etxaniz eta Oteiza. (E. Albizu Lizaso) Emakumeak kirolera hurbiltzeko helburuarekin, Zuk ere ahal duzu! eta Emakumeak pilotari egitasmoak prestatu ditu Azpeitiko Udalak, 2016rako. Zuk ere ahal duzu! korrika egiteko proiektu bat da, eta hamar urte damakizki martxan. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak azaldu duenez, 160 lagundik gora ibili dira egitasmo horretan azken urteetan, eta ikusi da "fruituak ematen dituen" saioa dela. Egitasmoak bost asteko iraupena izango du, eta bi txandatan banatuko dute. Goizeko taldearen saioak 10:00etatik 11:15era izango dira; eta arratsaldekoarenak, berriz, 18:15etik 19:30era. Korrika egiten hasteko topalekua igerilekua izango da. Urtarrilaren 21ean hasiko dira saioak, eta hilaren 14an bilera informatiboa egingo dute: 10:00etan, goizeko txandakoentzat; 18:15ean, arratsaldekoentzat. Izen-ematea irekita dago: igerilekuan, Emakumeen Txokoan eta kiroldegian egin daiteke, 10 euroren truke. Maite Beobide eta Maider Oteiza izango dira begiraleak.

Paletan ibiltzeko aukera

Zu pilotari egitasmoa ere antolatu dute 2016rako. Urte guztian zehar izango dira pala saioak Izarraitz pilotalekuan, eta urtarrilaren 11tik 29ra eman behar da izena. Izena ematen dutenek astearte, asteazken edo ostegunen artean hautatu beharko dute, eta jende gehienak izena ematen duen egunean egingo dira entrenamenduak. Alaitz Badiola ibiliko da begirale lanetan, eta 120 euroko prezioa izango du, urte guztirako. Elduaienen arabera, 22 bikotek parte hartu zuten joan den urtean herriko pala txapelketan, eta jokalariek beraiek eskatutako zerbitzua da Zu pilotari. Palan ibiltzen diren guztiek txapelketa jokatuko dute, eta Gipuzkoako finalaren egunean udalerri guztien artean antolatutako jaia egingo dute. Azpeitiko Udalak herritarrak animatu ditu parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide