Azpeitiko Udal gobernuko kideak, biharko manifestaziorako deia egin dute. (Azpeitiko Udala)
Azpeitiko Udal gobernua osatzen duten EH Bilduko zinegotziek bat egin dute bihar, zapatua, euskal presoen eskubideen alde, Sarek deituta Bilbon egingo den manifestazioarekin. Herritarrei manifestazioan parte hartzeko dei egin diete, "euskal presoen eskubideak urratuak izaten jarraitzen dutelako". Honakoa adierazi dute zinegotziek:
- "Egun 3 azpeitiar eta ehundaka euskal herritar aurkitzen dira Frantziako eta Espainiako espetxeetan, eta bisitara doazen senideek eta lagunek milaka eta milaka kilometro egin beharra izaten dute astero. Sakabanaketak eta urruntzeak presoen eta euren senide eta lagunen giza-eskubideak urratzen ditu. Bakean eta elkarbizitza demokratikoan sakondu nahi bada, ezinbestekoa da herritar guztien eskubide guztiak errespetatzea, presoenak ere bai.
- Euskal Presoek baldintzarik gabe Euskal Herriratuak izan behar dute. Gaixotasun larriarekin espetxeratuta jarraitzen duten 12 presoak lehenbailen kaleratuak izan behar dute.
- Bakean, elkarbizitzan eta irizpide demokratikoetan sinesten duen orok ezin du onatu bere gizartean horrelakorik gertatzea. Demokraziagatik, bakeagatik, elkarbizitzagatik eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuagatik, bihar, urtarrilak 9, Bilboko eta Baionako kaleetan izango gara EH Bilduko kideok, eta printzipio horietan sinesten duten euskal herritar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu".