Espainiako Maecenas Kapital funtsak Azpeitiko Fagor Grupo Mueble (FGM) erosi berri du. Azpeitian Danona bezala ezagutzen da FGM eta, batez ere, hoteletarako altzariak egiten dituzte bertan. Maecenas Kapital enpresaren jabe berriak jakinarazi duenez, "sektore horretako aktibitatea zabaltzea eta nazioarteko estrategia berri bat garatzea" dute helburu; baita enpresari izena aldatzea ere.
Maecenas Kapital zailtasunak dituzten enpresak erosteko eta berregituratzeko funtsa da, eta Madrilen du egoitza. FGMren zati bat erosi du hark, eta gainerako %24,5 Mondragon Inversionesen eta kooperatibako langile bazkideen esku gelditu da. Kapitala berreskuratzeko funtsak adierazi du "langile guztiak" mantenduko dituela.
Francisco Vera da enpresa berriko zuzendaria, eta hark azaldu duenez, "sektorean jarraitu eta zabalkundea lortzea espero" du: "Gaur egun nazioarteko hainbat eskari ditugu, hala nola Hilton hotels and resorts, Accor, Holiday Inn, Melia, Wyndham eta Best Western kateenak. Norabidea aldatuko dugu dekorazio integralaren negozioa bultzatzearekin batera. Modu horretan salmentak igotzea nahi dugu, eta 10 milioi eurotik gorako fakturazioa aurreikusten dugu 2016an".
Danona, Coinma eta Fagor Sukaldeak enpresen bategitetik sortu zen FGM, 2012an. Mondragon taldeko kooperatibak zailtasun ekonomikoak izan zituen, altzari salmentaren beherakada tarteko. 2014ko apirilean, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuten. 2015eko martxoan bukatu zen prozesua, eta hartzekodunen bi herenek onartu zuten FGMk Hartzekodunen Batzar Orokorrean aurkeztutako bideragarritasun plana. Enpresaren hartzekodunen artean dago Azpeitiko Udala.
FGM enpresak eta Azpeitiko Udalak enpresak udalarekin duen zorra hamar urteko epean eta interesik gabe ordaintzeko
hitzarmena sinatu zuten joan den urrian.