Enplegua erregulatzeko iraungitze txostena aurkeztu du Antzibar enpresak

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 22a

Obretan izandako galerengatik langileak kaleratzeko erabakia hartu behar izan duela azaldu dute enpresatik

Enpresa ez dute itxiko «administratiboki», baina langileak kaleratzeko enplegua erregulatzeko iraungitze txostena aurkeztu du Azpeitiko Antzibar eraikuntza enpresak. «Administratiboki enpresak jarraitu egingo du», hori da zehazki Antzibar enpresatik gaur arratsaldean Urola Kostako HITZA-ri esandakoa. Kaleratutako langileak zenbat izango diren ez diote azaldu enpresatik HITZA-ri, baina bai neurri hori hartzera behartu dituen arrazoia. «Obratan izandako galeren ondorioz hartu behar izan dugu erabaki hori», esan dute enpresakoek. Langile guztiei ordaindu beharrekoa ordaindu diela ere azaldu dute Azpeitiko eraikuntza enpresatik: «Langileei ordaindu beharrekoa ordaindu diegu, eta langile guztiek sinatu dute enplegua erregulatzeko txostena». Noticias de Gipuzkoa egunkariak gaur argitaratutakoaren arabera, 33 langile dira Antzibarretik lanik gabe geldituko direnak, gaur egun dituen denak. 1985ean sortutako enpresa 1985ean sortu zuten Antzibar eraikuntza enpresa Lazkano Taldearen barruan, eta Lazkano Eraikuntzak enpresaren oinordeko bezala. Talde horretako kide zen Hormigones Lazkano enpresa ere; 2012ko urrian itxi zuten. Azpeitian bertan hainbat azpiegituren eraikuntza lanak egin ditu Antzibarrek. Gaur egun berdura plaza eraberritzeko obrak egiten ari dira enpresa horretakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide