Goiz hasi da eguna berotzen Azpeitian San Tomas egunez. Eguraldi beroaren konpainian, ehundaka lagun batu dira herriko plazaren bueltan jan-edanaz nahiz ikuskizunez gozatzeko. Baserritarrez jantzita, Gabon atariko festa kutunaz gozatzen ari dira herritarrak nahiz inguruko herrietatik gerturatakoak.
Egun osoko egitaraua prestatu du udalak eta jai giroak ez du etenik izango.
Artisau eta baserritarren postuek Azoka Berdura bete dute eta Ilunpeko pilotariek ikuskizun bikaina eman dute Patxi Azkargorta Memorialeko finaletan. Herri kirol jaialdia hasi aurretik, Eneko Etxeberria alkateak omenaldia eskaini dio Goenatxo II.a harri-jasotzaileari urteetan Azpeitiko plazan emandako ekitaldi ugariengatik.